Legazpik festa ospatu du Kubaren alde
Nafarroa Kalea Kubako doinuz, janariz eta edariz bete zen larunbatean, elkartasuna helburua zuen jaialdian. Duela bi hilabete sortutako Legazpitik Argia Kubari ekimenak abiatutako diru bilketa kanpaina ixteko festa izan da.
Legazpik Kubaren aldeko festa ospatu zuen larunbatean, Nafarroa kalean. Herrialde horretako musika, janaria, edaria eta artea izan ziren protagonistak, baina bereziki elkartasuna. Izan ere, herrialde horrekiko elkartasuna helburu duen Legazpitik Argia Kubari ekimenak antolatutakoa zen, azken asteetan burututako diru bilketa kanpaina ixteko.
Iñigo Arrazolak eta Aitor Garitaonaindiak ireki zuten jaialdia eguerdian, Silvio Rodriguez kantariaren doinuak abestuta. Ordurako, janari eta edari postuak muntatuta zeuden, baita artelanena eta Kubako produktuez osatutako saskiaren zozketarena ere. The Altolas taldeak ere jarri zuen musika. Bazkaria etorri zen beranduago, eta festak bazkalondoren jarraitu zuen.
Festa giroa izan zen nagusi, baina elkartasuna ere bai, eta legazpiarrei eskerrak ematea ere bai. Legazpitik Argia Kubari egitasmoak 6.000 eurotik gora bildu ditu azken asteetan, eta diru hori, Euskadi-Kubarekin elkartearen bitartez, Habanako William Doler ospitale pediatrikorako eguzki-energia fotovoltaikoa sortzen duten bi ekipo handi erosteko eta bertan instalatzeko erabiliko da.
BIDEOA: Gotzon Aranburu
ARGAZKIAK: Ibon Altzelai eta Cynthia Vera
















