Zegamako Udalaren lokal bat herriko elkarteentzat, ekintzak antolatzeko
Gazte Herexak edo Karraztarrok erabiliko dute aurrerantzean, besteak beste. Atzo mus txapelketa antolatu zuten bertan gazteek. Elkarte ezberdinek partekatuko dute beharraren arabera.
80 bat gazte elkartu ziren inaugurazio ekitaldira eta 18 bat bikote aritu ziren musean. Gazte Herexa Mus txapelketa batekin ospatu zuen astearte arratsaldean Gazte Herexak Zegamako Udalak utzitako lokalaren inaugurazioa. Garai batean haurtzaindegi bezala funtzionatu zuen lokala utzi die udalak, herriko beste elkarte batzuekin, beharraren arabera, partekatu beharko dutena. Astearte arratsaldeko beroaren eraginez, ordu bete atzeratu behar izan zuten txapelketa. 19:30ean egin zuten azkenean, eta gazte ugari bildu zen bertara.
Gazte Herexako Alain Lukasek dio, orain bi urte luzatu ziotela eskaera udalari. Orain arte kultur etxeko gela bat izan dute erabilgarri baina, «uste genuen horrenbeste gazte mugitzen dituen Gazte Herexa bezalako elkarte batek bere ekintzak aurrera eraman ahal izateko lokal handiago bat beharko lukeela», azpimarratu du. Gaur egun, 15 eta 30 urte arteko 150 bat gazte biltzen ditu Zegamako gazteen elkarteak.
Eskaerak bere fruituak eman ditu eta lokala beste elkarte batzuekin partekatu behar badute ere pozik daude. «Bilera ezberdinak izan ditugu alkatearekin, zinegotziekin eta beste elkarteetako kideekin lokalaren kudeaketa nolakoa izango den erabakitzeko», dio. Lokala ez da gazteak biltzeko leku bat izango, «ez da izango gaztetxe estiloko lokal bat non jendea sartu-irtenean ibiliko den. Urtean zehar ekintza jakin batzuk aurrera eramateko bilduko gara bertan», zehaztu du Lukasek. Bileretarako gela ere izango da eta biltegi bezala ere funtzionatuko du.
Lokalaren prestaketa ere elkarlanaren emaitza izan da: «Denbora zeraman erabili gabe eta garbiketa, txukunketa eta ordena jartzea izan dira azken hilabete hauetako lanak». Gazte Herexa eta Karraztarro elkarteen artean egin dituzte batez ere lan hauek, «guk ere parte hartu dugu txukunketa lanetan, urte guztian zehar ekintza gehien antolatzen dituen elkartea gu garelako», gehitu du.
Erreleboa pasatzea
Izan ere, asko dira urte guztian zehar antolatzen dituzten ekintzak: Gabon eskea, sagardotegira irteera… Azkena Azpeitiko festetara joateko autobusa; «aurten lehen aldiz bi autobus aterako dira Zegamatik, 70 bat gazte elkartuko gara. Beste herri batzuetako gazteekin aritu gara elkarlanean autobusa antolatzeko», dio. Baina, jai giroko ekintzetatik harago, beste ekintza askotan ere parte hartzen dute, orain bi urte Gazte Herexaren fokoa aldatzeko jarritako helburuarekin jarraituz: «Lehenengoz aldiz antolatu dugu aurten herritar guztiei irekitako lehen sorospenen ikastaroa. Jende asko gerturatu zen. Emakumeen indarkeriaren aurkako egunean edo LGTBIQ+ Harrotasun egunean ere beste elkarte batzuekin lankidetzan parte hartu dugu antolatu diren ekintzetan, gazteak ere hor gaudela erakusteko».
Oraingo antolakuntza taldeak erreleboa pasatuko dio hurrengoari urrian, bi urte ibilbidearen ondotik. 21 eta 23 urte bitarteko bi kintetako gazteak elkartuta osatzen dute antolakuntza taldea, «guk jada ez dugu asko erabiliko antolatzaile bezala lokal hau, baina hurrena datozenei espazio bat utzi nahi genien lana egin ahal izateko eta elkarte honi behar duen bultzada hori emateko», amaitu du.















