Heztenen aisialdiko begirale ikastaroa, Seguran
Datorren ikasturtean egongo da ikastaroa Seguran egiteko aukera. Urriaren 24an hasiko da eta dagoeneko izen ematea irekita dago.
Heztenen Udaleku Piratak uztailaren hasieran. Hezten Hezten aisialdi euskaltzalea erakundeak Seguran eskainiko du aisialdiko begirale ikastaroa datorren ikasturtean.
Astialdiko soziologia, pedagogia eta psikologia; hezkidetza, ingurugiroa, soziolinguistika, heziketa behar bereziak eta adierazpena; musika, jolasak, tailerrak, lehen sorospenak edo udako egitasmoak, astialdiko esperientziak eta ekipamenduak bezalako edukiak landuko dituzte ikastaroan zehar.
Ikastaroa aisialdiko begirale edo zuzendari tituludunak eta aisialdiko heziketan eskarmentu handiko pertsonek emango dute. Dagokien gaian lizentziatuak edo diplomatuak denak: Soziologoak, Psikologoak, Pedagogoak, Psikopedagogoak, Gizarte Hezitzaileak, Biologoak, Geologoak eta Euskararen Gaitasun Agiria —EGA— tituludunak denak.
Urritik aurrera
Ikastaroa urriaren 24an hasi eta maiatzaren 15ean amaituko da. Guztira 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktikoz osatuko da eta praktikaldiaren ondorengo lana aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea titulua eskuratzeko. Klaseak larunbatetan izango dira, goizeko ordutegian; asteburu oso bateko irteera ere izango da tartean.
Izena emateko epea irekita dago jada, Heztenen web gunean. Ikastaroan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da 2027ko abenduaren 31rako 18 urte beteta edukitzea; DBHko titulazioa izatea eta euskara maila altua edukitzea (idatziz eta ahoz komunikatzeko maila ona edo C1 titulua). Ikastaroak 505 euroko prezioa du, matrikula eta aterpeko asteburuak barne.












