Lau Katu Beasain elkartearekin hitzarmena berritu du udalak
Udalak gogorarazi du indarreko arauek indartutako egungo lege-esparruak erabateko ardura eskatzen diela etxeko animaliak (txakurrak, katuak eta hudoak) dituzten familiei.
Beasaingo Udalak Lau Katu Beasain elkartearekin adostutako akordioa luzatu, haien jardueretarako lokal bat utzi eta elkarlanari jarraipena eman dio, udalaren hitzetan, “orain arteko emaitzak oso positiboak izan baitira”.
HEI metodoa da jardunaren ardatza. “Sistema horrek berme tekniko zein juridiko guztiak ditu, eta kaleko katuen populazioa kontrolatzeko prozedurarik gizatiarrena, eraginkorrena eta jasangarriena da. Katuak harrapatu, antzutu eta euren ingurura itzultzean, pixkanaka murrizten da kaleko katuen kopurua, eta, aldi berean, kontrolik gabeko ugalketa eta nahi gabeko kumaldiak saihesten dira”, azaldu du udalak.
Beasaindarren inplikazioa eskatu du koloniak osasun-baldintza egokietan eusteko. Kaleko katuen elikadura zorrotz araututa dago, eta udalaren akreditazio egokia duten pertsonek bakarrik eman diezaiokete janaria katuen koloniei. Zeregin hori baimendutako guneetan bakarrik egin beharko da, pentsu lehor egokia erabiliz eta ingurua garbi-garbi mantenduz, osasun- eta higiene-arazoak saihesteko.
Herritarren batek abandonatuta dagoela dirudien katuren bat edo kumaldiren bat ikusten badu, edota kudeatu gabeko kolonia baten berri badu, Udaltzaingoarekin (943 02 80 80) harremanetan jartzeko eskatu du udalak.
Arauak etxeko animalientzat
Udalak gogorarazi du indarreko arauek indartutako egungo lege-esparruak erabateko ardura eskatzen diela etxeko animaliak (txakurrak, katuak eta hudoak) dituzten familiei. Hauek dira etxeko animalien jabeek dituzten legezko betebehar nagusiak:
- Nahitaezko identifikazioa: Txakur, katu eta ipurtats guztiek mikrotxip identifikatzailea jarrita izan behar dute jaio eta bi hilabete bete aurretik. Jabe pribatuen etxeko katuen kasuan, gainera, derrigorrezkoa da txipa jartzea eta antzutzea.
- Garaiz antzutzea: Etxeko katuak sei hilabete bete aurretik antzutu behar dira nahitaez, eta betiere adopzioan eman, eskualdatu edo laga aurretik.
- Hazkuntza debekatzea: Erabat debekatuta dago partikularrek etxean kumaldi berriak haztea. Jarduera hori behar bezala baimenduta dauden eta hazleen erregistro ofizialean inskribatuta dauden profesionalek soilik egin dezakete.












