Mikel Lizarazuk Mallabiako asto proban parte hartuko du
Abuztuaren 31koa bere lehen asto proba izango da. Izukitza baserrian bizi da eta bidegorrian entrenatzen du.
Zumarragako Izukitza baserriko Mikel Lizarazu Plazaola gazteak Mallabiko (Bizkaia) asto proban parte hartuko du, Xanti astoarekin. Abuztuaren 31n jokatuko da eta bere lehen asto proba izango da.
Lizarazuk 17 urte ditu eta Urretxu-Zumarraga ikastolan ikasten du. Batxilergoko bigarren maila egin behar du. Ondoren, Albaitaritza ikasi nahi du. «Ea notak Albaitaritza ikasteko ematen didan. Nota altua behar da. Ganadua gustuko dut eta mundu horretan lan egin nahi dut. Etxerako ona izango da, gainera, albaitariaren zerbitzua ez baita merkea».
Aita eta osabak ganaduzaleak dira. «Etxean beti eduki dugu ganadua. Ganadu artean jaio nintzen, gustatu egiten zait eta jarraitzeko asmoa dut. Etxean ahuntzak, behorrak eta astoak ditugu. Gustatu egiten zaigu eta saltsan ibiltzen gara beti».
Bere kuttuna Xanti astoa da. «Etxean beti izan ditugu astoak eta osaba (Aitor) astoarekin ibilitakoa da. Geltokiko jaietako asto karreran parte hartzen zuen. Ni astoaren gainean jarri nintzen, ondoren tiratzen irakatsi nion eta plazara ateratzeko asmoa dut. Lehen aldia izango da, astoarentzat eta niretzat».
Lau asto dituzte, baina probatarako prestatu duen bakarra Xanti da. «Astoak sei bat urte izan behar ditu, bestela gaztetxoa da ateratzeko. Xantik zazpi urte egin behar ditu abuztuan. Probetan parte hartzeko adina du, beraz. Batzuk bost urte ematen dituzte probetan parte hartzen, beste batzuk hamar… Bizkaiko zaldi batek 16 urte eman zituen».
Adinarekin ez da nahikoa, astoak ezaugarri zehatz batzuk behar ditu. «Arrazak ez du inporta, garrantzitsuena ondo tiratzea da. Xanti etxean jaio zen. Tiratzen jarri genuenean ondo moldatzen zela ikusi genuen eta probatzea erabaki dugu».
«Kirolaria bezala zaindu behar da: bestela, tendoietatik, bizkarretik… sufritu dezake»
Mikel Lizarazu. Ganaduzalea
Asko entrenatu dute. «Bi egunez behin, kamioi gurpil bat lotzen diogu. Gurdiarekin, lerarekin eta gainean jarrita ere entrenatzen dugu. Bidegorrira edo mendi aldera eramaten dut. Bidegorria etxe ondoan dugu. 40-60 minutu entrenatzen du».
Mallabian (Bizkaia) egingo du debuta, abuztuko azken egunean. «Gipuzkoan ez gara asko asto probetan ibiltzen garenak, baina Bizkaian badago jendea oraindik. Gipuzkoan bost bat asto egongo dira. Bizkaian gehiago daude».
Astoek 20-30 minutuko lana egiten dute, 550 kiloko harriarekin, bi itzainekin. Lan txukuna egitea espero du zumarragar gazteak. «Xanti asto gozoa da. Ez da batere egoskorra. Agindutakoa egiten du. Lan ona egiteko itxaropena dut. Irabazteko asmoa eduki behar da beti, baina gure lehen aldia da eta ez dakit zer gertatuko den. Ondo entrenatu dugu eta lan txukuna egin nahi dut. Lehen saioa lehenago egin behar genuen, baina dermatosiarengatik probak ere debekatu zituzten eta orain arte ez dute debekua kendu. Xanti duela hilabete batzuk sasoi hobean zegoen. Errezilgo plazan probatu genuen eta orain baino dezente hobeto zegoen. Zorte txarra izan dugu. Astoak, kirolariak bezala, ezin du sasoia urte guztian mantendu. Lehertu egingo genuke bestela. Atsedena eman genion eta berriro sasoian jartzen saiatu gara, baina ez du orduko sasoia lortu».
Zainketa
Ahal duten guztia egin dute. Xanti lasterketetako zaldiak bezain ondo zaintzen dute. «Zaldientzako pentsua eta belarra jaten du. Kirolariak bezala zaindu behar da. Bestela, tendoietatik, bizkarretik… sufritu dezake. Denbora asko eskaintzen diot: bi hilabetero ferratu, entrenatzen duen bakoitzean orraztu, dutxatu, urtean bitan ilea moztu, beroa egiten duenean barrura sartu, neguan entrenatu ondoren manta jarri hoztu ez dadin… Lanerako ez dugu erabiltzen. Ondo bizi da», amaitu du Lizarazuk.












