San Ignazio jai jendetsuak eta alaiak Legazpin
Ostegunetik larunbatera bitartean ospatu dira, giro paregabearekin. Antolaketa batzordeak balorazio positiboa egin du, eta horrelako jaiak aurrera eramateko auzolanak duen garrantzia azpimarratu du.
Joan dira aurtengo San Inazio jaiak Legazpin. Eguraldia lagun, oso jendetsuak izan dira, eta giro paregabearekin ospatu dira.
Jai batzordeak egin du dagoeneko lehen balorazio bat, eta esan dutenez, “festak oso ondo joan dira, jende dezente ibili da eta giro oso polita egon da”. Bi egunetan azken momentuko arazo teknikoei aurre egin behar izan dietela ere gogoratu dute, “baina argi eta garbi geratu da auzolanean edozein arazoei aurre egin dezakegula”.
Bestetik, nabarmendu nahi izan dute jai hauen atzean lan handia dagoela: “Muntaketak, desmuntaketak, bilera luzeak, erabaki asko, sakon landutako elkarlanak…”. Alde horretatik esan dutenez, “auzolanean ibilitakoen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke horrelako jaiak antolatzea. Horregatik, herri mugimenduen jarduna babestea eskatzen dizuegu, gure auzoak bizirik mantentzen dituztelako, ezinbestekoak direlako, gure artean saretzea inoiz baino garrantzitsuagoa delako”.
Ostegun arratsaldean hasi ziren San Ignazio jaiak, suziri jaurtiketarekin eta 21 partaide izan zituen patata tortilla lehiaketarekin, eta larunbat arratsaldean amaitu, giza proba eta aizkora apustua protagonista izan zituen herri kirol jaialdiarekin. Aizkoran, Uretxu-Zumarragako Joanes Izagirrek eta Jon Zalduak irabazi zuten Lakiolako Luis eta Josu Ibarguren aita-semeen aurkako norgehiagoka. Jokoen lehiarako bi talde osatu ziren herriko jendearekin, eta talde urdinak irabazi zuen. Eta azkenik, La Salle eskubaloi taldea eta talde urdina giza proban neurtu ziren, eta urdinek irabazi zuten.
Ostegunetik larunbatera bitartean, ekitaldi ugari izan ziren, eta horien artean, baita berritasun bat ere, gainera, Legazpin bizi diren jatorri desberdinetako herritarrak elkartu zituen munduko arrozen festa. Musika emanaldi ugari, auzoko jubilatuei eskainitako hamaiketakoa, Eufemiano Iturri Korosti mendira igoera, gaupaseroen topaketa eta Palestina, Kuba, Sahara eta “orokorrean ondorio zuzenak jasaten dituztenei” elkartasuna adierazteko elkarretaratzea ere izan dira jai hauetan.
Orain atseden hartzeko tartea da, baina laster iritsiko da datorren urteko jaietan pentsatzen hasteko unea.
Bitartean, Legazpin izango dira jai gehiago, eta lehenak, abuztuaren 28tik 20era bitartean Brinkolan ospatuko diren San Agustinak izango dira.
ARGAZKIAK: Josu Altzelai, San Ignazio auzoko jai batzordea eta Tere Madinabeitia
















