Jexux Mendizabal 'Kaxkagorri' artzain zaldibiarra hil da
Oiduegiko saroian zuen txabolan igaro ditu bizitzako urterik gehienak Kaxkagorrik. 100 urte betetzear zela hil da. Aralarko garai bateko artzaintzaren eredu izan da.
Jexux Mendizabal 'Kaxkagorri' zaldibiar artzaina, 2020ko uztailean, Pakita arreba ondoan duela. Iñaki Gurrutxaga Jexux Mendizabal Amundarain Kaxkagorri (Zaldibia, 1926) artzain zaldibiarra hil da gaur 99 urte zituela. Astelehenean, abuztuaren 10ean, beteko zituzkeen 100. Bizitza osoa artzaintzari emana, 8-9 urterekin hasi zen aita zenari laguntzen, eta 80 urte baino gehiago pasa izan ditu Aralarko Oiduegi (Oidui) saroian zuen txabolan. Urte batzuk badira dagoeneko mendira igotzen ez zela.
Zaldibiarren artean pertsona estimatua izan da Kaxkagorri, makina bat hitz-aspertu eta auzolan egindakoa izan baita Oiduira igotzen ziren herritarrekin. Mendia maite zuen, eta osasunak lagundu izan zion bitartean hura izan zuen babesleku. Aralarko garai bateko artzaintzaren ikurretako bat izan da. Aranzadi Zientzia Elkarteak berak askotan jo izan zuen harengana artzaintzari buruzko lan etnografikoak egiteko Fermin Leizaola zena buru zela.
Goiberri aldizkariak 2015ean kaleratutako Abaro zaharra lekuko erreportajean kontatu zituen Kaxkagorrik bere artzain ibilerak, eta baita orain 20 urte Goierritarra aldizkarian argitaratutako Galdutako bizimoduaren testigu artikuluan ere. 2023. urtean Ahotsak.eus proiektuko Idoia Etxeberriak ere elkarrizketatu zuen artzain zaldibiarra.
Beti erakusteko prest
Izan Zaldibiako Ardiki Egunean, izan Enirio-Aralarko larreak irekitzeko Larraizko festan, Kaxkagorri beti han, planta dotorean, artilean egiten. Eta baita Zaldibiako eskolan ere, zekiena erakusteko prest beti.
Hainbat dokumentaletan ere parte hartu izan du Kaxkagorrik. Artzain zaldibiarraren mundua eta sentsazioak dokumental batean jaso zituen 2015ean Joxe Ramon Agirre Marron ataundarrak 2015ean. 2020ko otsailean proiektatu zuten Kaxkagorri izeneko ikuskaria Ataungo Herri Antzokian.

Jexux Mendizabal ‘Kaxkagorri’ haria kardatzen, 2019an, eskola haurrekin egindako saio batean.Aimar Maiz
2018an, berriz, On Produkzioek eta Landarlan ingurumen elkarteak ekoitzitako Aralar, mundua leku den lurra ikus-entzunezkoan bildu zuten haren testigantza. Badu dokumental horretan pasarte esanguratsu bat, dokumental-egileek Aralarrekiko zuen harremanaz galdetu ziotenean.
—Zer eman diozu zuk Aralarri?—, galdetu zioten Kaxkagorriri dokumental egileek.
—Makina bat lizar.
—Eta Aralarrek zuri, zer?
—Osasuna.
2020ko uztailekoa izango da, seguru asko, Kaxkagorriren azken agerraldi publikoetako bat. Zaldibiako Olaldeko parkean Aralar, mundua leku den lurra liburuaren irakurraldi musikatua egin zuten Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel dokumentaleko testuaren egileek, eta han izan zen Jexux Mendizabal arreba Pakita ondoan zuela. Lizar bana eman zieten opari.
Hileta elizkizuna astelehenean
Jexux Mendizabal Kaxkagorri-ren gorpua Beasaingo Goierri Beilatokian egongo da gaur 20:00ak arte, eta bihar 10:00etatik 13:00etara. Haren aldeko hileta elizkizuna datorren astelehenean, abuztuaren 10ean, egingo dute Zaldibiko elizan (17:30), 100 urte beteko zituzkeen egun berean.













