Andereño Rositak geldialdia egingo du asteazkenean Lazkaon
Maizpide barnetegiak gonbidatu du, abuzturako antolatzen duen kultura jardueretan parte hartzeko. Bakarrizketa eskainiko du, barnetegiko zineman 18:30ean.
Uda honetan ere, kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera dago Lazkaon Maizpide barnetegiaren eskutik. Herriko eragile desberdinek, barnetegiak berak eta udalak elkarlanean egitarau zabal antolatu dute, eta bihar asteazkenerako, antzerkia proposatu dute.
Andereño Rosita izeneko antzezlana izango da biharko protagonista. Itziar Saenz de Ojer aktore arabarrak umorezko bakarrizketa egingo du. Emanaldia Maizpideko zineman izango da, adin guztietako publikoari zuzenduta, 18:30ean.
Hilaren 20an, berriz, Patxi Perez dantza taldeak herriko plazara 18:30ean inguratzen diren guztiak dantzan jarriko ditu.
Eta azkenik, hilaren 27an, triki-bertso-poteoa egingo dute, barnetegitik 18:30ean abiatuta.













