Iñaki Irure eta Tere Zaldua izango dira Agortako jaietako omenduak
Irailaren 6an, igandean, egingo diete omenaldia, 13:00etan.
Iñaki Irure Sarasola eta Tere Zaldua Mendizabal izango dira aurtengo Agortako jaietako omenduak. Irailaren 6an, igandean, egingo diete omenaldia, 13:00etan, mezaren ondoren eta Sebastian Lizasoren eta Andoni Egañaren bertsoez lagunduta.
Iñaki Altzokoa da, eta Beasainen Muxugorri ezizenez ezaguna. 1955eko abuztuaren 27an jaio zen, beraz, Agortako festetarako 71 urte bete berri-berriak izango ditu ditu.
Soldaduska Cordoban eta Sevillan egin ondoren, Tolosako fabrika batean hasi zen lanean. Handik urte batzuetara Olaberriako Aristrain enpresan hasi zen erretiroa hartu arte. Afizio askoko gizona da, baina nabarmenenetakoa pilota da. Altunaren zale amorratua da. Urte askotan Agortako festetako aguazila ere bera izan da.
Tere Beasainmendiko Arizmendi baserrikoa da, eta 69 urte ditu, 1956ko irailaren 25ean jaio baitzen. Baserriko lanetan aritu da, esne partitzen eta azokan barazkiak saltzen batik bat. Loreak eta baratza ditu gustuko, baita zinemara joatea ere.
Iñakik eta Terek duela 52 urte ezagutu zuten elkar Urretxuko Golden dantzalekuan, eta 1978ko maiatzaren 6ean Zumarragako Antioko ermitan ezkondu ziren. Ondorengo otordua Eitza barreneko garai bateko Arantzazu jatetxean egin zuten. Arizmendi baserrian bizi dira eta 2 seme-alaba eta biloba bat dituzte. Biei lagunartea gustatzen zaie, eta egunero-egunero elkartzen dira lagunekin zerbait hartzeko Beasaingo tabernetan.













