Izadi Zaleak elkarteak biharko eklipsea ikusteko proposamenak egin ditu
Arraundieta, Arrola, Arrandaitz edo Arranoaitz, Aizkorritxo, Artzanburu eta Biozkorna-Arriurdin dira Legazpiko mendizaleen proposamenak. Mendi elkartearen webgunean daude azalduta, iristeko azalpen eta guzti.
Arranoaitz deituriko parajea, Izadi Zaleak mendi elkarteak eklipsea ikusteko proposatutakoa. Abuztuaren 12ko eguzki eklipserako etxeko lanak eginda izan beharko lituzke dagoeneko jendeak, hau da, babeserako betaurrekoak eskuratuta, eta fenomeno hori ikusteko lekua aukeratuta. Oraindik betaurrekoak ez dituztenentzat, egongo dira salgai oraindik han edo hemen, eta lekua aukeratu ez dutenentzat, gaur dute horretarako aukera. Iluntzeko 19:30ean eguzkia non dagoen begiratu besterik ez dute egin behar, bihar garai bertsuan, edo eklipsera bere puntu gorenera iritsiko den 20:27ean non egongo den jakiteko. Horrela, parean zuhaitzik, mendirik edo eraikinik ez dagoela begiratu, eta eklipsea ikusteko moduan izango direla ziurtatu dezakete.
Lainoak ez omen dira oztopo izango, gainera, Euskalmet meteorologia agentziak zeru garbiak iragarri dituelako.
Legazpin, Izadi Zaleak elkartearen proposamenak
Legazpin eklipsea ikusteko lekua aukeratzeko laguntza behar dutenentzat, Izadi Zaleak elkarteak egin ditu hainbat proposamen, eta bere www.izadi-zaleak.eus webgunean azaldu ditu, puntu horietara iristeko argibide eta guzti.
Arraundieta, Arrola, Arrandaitz edo Arranoaitz, Aizkorritxo, Artzanburu eta Biozkorna-Arriurdin dira Legazpiko mendizaleen proposamenak.
Proposamenekin batera, aholkuak ere ematen dituzte webgunean: ISO 12312-2 betaurrekoak erabiltzea, bueltarako linterna eta ordezko pilak eramatea, edateko ura eramatea, sortzen den zaborra biltzea eta herriko edukiontzietan botatzea, eta surik eta barbakoarik ez egitea.













