Ur berorik gabe daude Antzizar kiroldegian
Ur beroaren sarea berritzeko lanak egiten ari dira kiroldegian, eta hilaren 15era arte iraungo dute. Barruko igerilekuak husteko eta mantentze lanak egiteko prozesuarekin bat egin dute.
Atzo hasi eta larunbatera arte, Antzizar kiroldegian ez da ur berorik egongo dutxetan eta gainerako eremuetan, baina ur hotza bai. Udalak kiroldegiko ur beroaren sarea berriztatzeari ekin die horrela. Lan haiek barruko igerilekuak husteko eta mantentzeko urteko lanekin batera egingo dira, herritarrengan ahalik eta eragin txikiena izateko.
Esku hartze honi esker, beroaren ekoizpena tenperatura-mailen arabera banatu ahal izango da, eta Antzizar District Heating bero-sareari errendimendu handiagoa aterako zaio.
Zerbitzuan izango duen eragina eta egutegia
Hodi nagusiak segurtasun osoz aldatu ahal izateko, ezinbestekoa da ur beroaren hornidura aldi baterako moztea abuztuaren 10etik 16ra bitartean. Egun horietan, dutxa, aldagela eta gainerako eremuetan ur hotza bakarrik egongo da erabilgarri. Era berean, sare beroaren eta hotzaren arteko loturak egiteko ur-hotzaren mozketaren bat egon badaiteke ere, eragina txikia eta laburra izatea espero dute.
Bestalde, erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, udalak barruko igerilekuen urteko geldialdi teknikoarekin bateratu ditu lanak, hau da, igerilekuak husteko eta garbitzeko urtero baliatzen den garaiarekin. Gainera, abuztuaren erdialdean oporren ondorioz kiroldegian izaten den erabiltzaileen beherakada ere kontuan hartu dute, data hauek hautatzeko.
Kudeaketa termiko aurreratua
Beasaingo Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, lan hauek egitea “nahitaezkoa” zen, “hodiak zein kontrol-gailuak beren bizi-iraupenaren amaierara iritsi baitira”. Baina materialak berritzetik harago doazen lanak direla zehaztu du, lehen fase honek “atea irekiko baitio etorkizuneko kudeaketa termiko aurreratu bati”.
Bigarren fase batean, ur beroaren ekoizpena erabilera-tenperaturaren arabera bereizi ahal izango da. Horrela, dutxetako eta berogailuko tenperatura altuko zirkuituek, eta igerilekuetako eta klimatizazioko tenperatura ertaineko zirkuituek bakoitzak bere aldetik funtzionatuko dute. Banaketa horri esker, eraginkortasun energetikoan “urrats handia” egingo da, eta Antzizar District Heating bero-sare publikoa askoz hobeto aprobetxatuko da.













