Frutaren atala oso emankor egon da gaur
Piku gorria hasi da, eta sagar eta madari mota berriak iritsi dira. Potimarron kuia ere aurkeztu dute.
Eklipse kontuak, opor kontuak… Ordiziako ferian gizartean pil-pilean dabiltzan gaiek ere izaten dute oihartzuna, eta gaurkoan ere hala izan da. Arratsaldeko fenomeno astronomikorako planak batetik, opor lekuak bestetik, saltzaile, erosle eta bisitarien ahotan ibili diren gaiak izan dira. Eta horiekin batera, baita berritasunak ere, gaur ere izan direlako, batez ere frutaren atalean.
Izan ere, frutaren eskaintza geroz eta zabalagoa da Plaza Nagusian. Sagarrak aspaldi iritsi ziren, madariak eta aranak geroago, eta hurrak azkenik. Gaur, pikua iritsi da, gorria, eta bi postutan izan dute salgai: Aramako Miren Jauregi eta Jaione Irazustaren postuan, eta Altzagako Arantxa Lopetegirenean. Kiloa 4 euroan jarri dute bietan. Asko dagoela esan dute saltzaileek, eta erosle faltarik ez dute izan, estimazio handiko fruta delako. Aramako ama-alabek marmelada eginda ere bazuten aukeran, 250 gramoko poteetan ontziratuta, eta 2,5 euroan.
Baina ez da hori gaurko fruta berri bakarra, mahats zuria ere aurkeztu dutelako aramarrek. Horren kiloa 5 euroan jarri dute salgai.
Sagarrak eta madariak, berriz, geroz eta ugariagoak dira, kantitatearen aldetik eta mota aldetik. Gaur sagar klase berriak ikusi dira Arantxa Lopetegiren postuan; reineta edo errezila, 3 euroan, eta sagar gorri bat, izenik ezagutzen ez zuena, gozoa, hori ere 3 euroan. Gabiriako Jose Antonio Elosegik ere aurkeztu du sagar berri bat, Elstar motakoa, eta horren kiloa 2,5 eta 3 artean zuen, tamainaren arabera.
Madari mota berria bat ere bazuen Lopetegik, konferentzia motakoa, 3 euroan kiloa.
Kuiak, eta piper eta leka berriak
Kuia ere iritsi berria da Ordiziako feriara. Gaur Potimarron motakoa aurketu du Zeraingo Iñaki Intxaustik. Kilo eta erdi pisatzen zuten kuiak ziren, eta kiloa 4 euroan jarri du salgai. Postu honetan Kaliformia motako piperrak ere deigarriak ziren, horitu egin direlako batzuk. Intxaustik azaldu duenez, berdeak dira hasieran, eta gero, horitu edo gorritu egiten dira., Zeraindar honenak berdeak eta horiak ziren, eta kiloa 5,5 euroan zuen salgai. Eta postu honetan, berenjena ikusgarriak ere ikusi dira, aurreko astean baino handiagoak, oraingoan kilotik gorakoak batzuk.
Kolore berrikoak izan dira, baita ere, Maria Jesus Oriaren lekak. Leka borobilak ziren, eta kiloa 6 euroan eskaini du.
Eta koloreak aipatuta, loreak ez dira ahaztu behar. Arantza eta Maite Zurutuzaren postuan, belladona eta ibiscurs loreak jarri dituzte salgai, sorta 5 euroan.
Perretxikoak, azkenik, gaur ere nahiko eskas egon dira. Lasaren eta Barcinaren postuetako eskaintza batuta, hauxe gaur salgai egon dena: 28 kilo onddo 10 eta 30 euro artean, eta 43 kilo ziza hori 22 eta 25 euro artean.














