Irrintzi eta Antxinako Ama prest daude amabirjinari ezpata-dantza eskaintzeko larunbatean
Dantzariek eta txistulariek ohiko hitzordua beteko dute aurten ere, abuztuaren 15ean. Elizan egingo dute ezpata-dantza lehenik, eta plazan gero, mezaren ondoren.
Abuztuaren 15a gerturatzen ari da, eta Zumarragan, egun horretan Andra Mari Jasokundea gurtzeko azken lanetan murgilduta daude Irrintzi dantza taldeko eta Antxinako Ama txistulari bandako kideak. Ohiturari jarraituz, parrokian ezpata-dantza egingo dute, eta plazan egingo dute dantza ondoren, aurreskua. Normalean, uztailaren 2an Antioko elizan dantzatu zuten dantzariek parte hartzen dute egun honetako dantzetan ere.
Ezpata dantzaren ekitaldia udaletxeko arkupeetan hasiko da. Bertan elkartuko dira txistulariak, dantzariak eta udal agintariak, eta handik abiatuko dira parrokiara. Meza 11:00etan izango da, baina hasi aurretik, ohi bezala, ezpata dantza dantzatuko dute aldarearen aurrean, eta gero, prozesioa egingo dute.
Meza amaitutakoan, dantzariak Euskadi plazara joango dira, eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute han 12:15ean.
Larunbata, beraz, egun solemnea eta handia izango da Zumarragan.













