Amaitu dira aurtengo Zeraingo festak
Larunbatean, kirolak izan zuten protagonismoa herrian, eta atzo, berriz, mozorrotuta eman zieten herritarrek amaiera Andra Mari jaiei.
Herri kirol eta aizkora desafioko parte hartzaileak Hirugarren urtez jarraian, herriko gazteak izan dira Andra Mari jaiak abiaraztearen arduradunak. Pasa den ostegunean ekin zieten hasiera jaiei, finalaurreko pilota partidekin eta gibel-jatearekin. Hala ere, abuztuaren 14a, ostirala, izan zen festei hasiera ofizialeko eguna.
Haurrei zuzendutako ekintzekin ekin zioten egunari zeraindarrek, eta 19:30ean kanpai bueltakoa eta pregoia izan ziren, festei ofizialki hasiera emateko. Ondoren, giro ederra nagusitu zen sagardo dastaketaren bueltan, eta gauera arte luzatu zen festa, Mirua eta Balantza erromeriaren kontzertuekin.
Asteburuko kronika
Larunbatean, kirolak izan zuten protagonismoa herrian. 12:00etan jokatu zen pelota partiduen finala, eta Unai Eguren eta Aetz Elorza izan ziren txapeldunak.
Arratsaldean, berriz, Andra Mari bola txapelketa jokatu zuten, eta Mikel Oria nagusitu zen. Jarraian, herritarren arteko herri kirolen eta aizkora desafioaren txanda izan zen. Herri kiroletan gazteak izan ziren nagusi.
Atzo, berriz, aurtengo jaiei agur esateko eguna izan zen. Dantza, jan-edana, musika eta bertsoak gailendu ziren herrian. Arratsalde partean herritarrek mozorro koloretsu zein originalak atera zituzten kalera eta festa giroa izan zen protagonista. Egunari eta jaiei amaiera emateko, herri afaria eta mozorro desfilea egin zituzten plazan.













