Beasain eta Tolosa arteko tren zerbitzua etenda, sei egunez
Renfek iragarri du autobus bidezko ordezko garraio-plana jarriko duela martxan, tarte horretako tren-mozketak ordezkatzeko.
Donostiako Aldiriko trenak Hernani eta Tolosa artean, batetik, eta Beasain eta Brinkola artean, bestetik, soilik ibiliko dira. Ibilbidearen gainerako zatia errepidez egingo da, Irun eta Hernani arteko zatian eta Tolosa eta Beasain artean autobusak erabilita.
Distantzia Ertaineko eta Luzeko zerbitzua
Distantzia Ertaineko zerbitzuari dagokionez, errepide bidezko garraioa mantenduko da abuztuaren 20tik 28ra Andoain eta Irun artean, eta abuztuaren 17tik 19ra eta abuztuaren 29tik irailaren 2ra Araia eta Irun artean, uztailetik indarrean dagoen ordezko garraio-planaren arabera.
Distantzia Luzeko trenei dagokienez, Gipuzkoatik Madrilera doazenek errepidez egingo dute Irun eta Gasteiz arteko zatia, bi noranzkoetan. Donostiatik Bartzelonara doazen bidaiariek, berriz, Iruñerainoko zatia autobusez egingo dute, eta Nafarroako hiriburuan egingo dute tren-aldaketa.
Renfek ohartarazi duenez, tren batzuek ordutegi aldaketa txikiak izan ditzakete, errepide bidezko ordezko garraiora egokitzeko. Doikuntza horiek Renferen webgunean (renfe.com) eta bidaiariei informazioa emateko ohiko kanalen bidez kontsultatu daitezke.













