San Bartolome ermitan meza egingo dute astelehenean
Elizkizuna kanpoaldean egingo dute, eta amaieran hamaiketakoa eskainiko diete bertaratutakoei.
Iaz ere ermitaren kanpoaldean egin zuten meza.Osbele elkartea Ohiturari jarraituz, datorren astelehenean, abuztuaren 24an, meza egingo dute Ordiziako San Bartolome ermitan. Eraikinaren egoera dela eta, aurten ere ezin izango dute elizkizuna barruan egin, zaharberritze-lanen zain baitaude. Horren ordez, kanpoaldean egingo dute, eta amaieran hamaiketakoa eskainiko diete bertaratutakoei.
Osbele, Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunak Elkarteak, urteak daramatza ermita eta haren ingurua balioan jartzeko lanean. 2018az geroztik, Iosu Etxezarragak zuzendutako historialari taldeak hainbat indusketa egin ditu bertan, eta XI. eta XII. mendeetako aztarnak aurkitu dituzte.
Aurkikuntzek Ordiziaren jatorria San Bartolome ermitaren inguruan kokatzen dute. Izan ere, egungo ermita baino lehenago bertan egon ziren beste bi elizen aztarnak aurkitu dituzte. Horrez gain, hainbat ehorzketaren arrastoak ere agertu dira, tartean XII. mendeko Ordiziako biztanlerik zaharrenarenak.













