Mendi bizikleta trabesia egingo dute gaur arratsaldean Itsason
Ibilbideak Itsaso inguruko mendietan barrena eramango ditu parte-hartzaileak, eta 22 kilometro ingurukoa izango da.
Artxiboko argazkia.Maider Insausti Urteroko hitzordu bihurtu da dagoeneko Itsasoko mendi bizikleta trabesia, eta aurten ere San Bartolome jaien barruan egingo dute Inaxio Larrañaga Memoriala. Gaur arratsaldean izango da, 16:30ean hasita.
Ohikoa den bezala, ibilbideak Itsaso inguruko mendietan barrena eramango ditu parte-hartzaileak, eta 22 kilometro ingurukoa izango da. Dena den, ibilbide laburragoa egin nahi dutenek ere izango dute aukera: martxaren erdialdean Itsasotik, helmugatik, igaroko dira, eta bertan amaitzeko aukera eskainiko dute.
Eguna borobiltzeko, 21:00etan parrillada egingo dute.
Biharko ekitaldiekin, berriz, agurtuko dituzte aurtengo San Bartolome jaiak Itsason. Goizean, 11:00etan, meza egingo dute, eta ondoren, 13:00etan, herriko ondareari buruzko aurkezpena izango da Goiko Ostatuan.













