Yorben Lauryssen flandriarra eta Lea Stern suitzarra izan dira garaile Ormaiztegin nazioarteko 54. Ziklo-Krosean, euskal izarren agurrean
Juniorretan Maddi Saizar eta Pelayo Gancedo nagusitu dira. Jon Izagirrek eta Pello Bilbaok omenaldia jaso dute, azken proba jokatu ondoren. Baita Lur Zufiria ormaiztegiarrak ere, bizikleta utzi duenean.
Ormaiztegiko 54. Ziklo-Kros Probak nazioarteko ukitua izan du. Bigarren urtez, Europako hainbat ziklo-kroslarik parte hartu dute, UCIren C2 kategoriako proben. Eta beste koska batean lehiatzen dutela erakutsi dute. Elite eta 23 urtez azpikoen gizonezkoen proba nagusian, Yorben Lauryssen flandriarrak (Roksem, Flandria, 2002) hasieratik bukaerara menperatu du lasterketa. Garaipenen ildora itzuli da Tarteletto-Isorex taldeko ziklista, Igorreko (Bizkaia) txapela zuen orain arteko azkena, 2024ko abenduan.
Euskal ziklo-krosaren mehealdian, espainiarrek hartu dute ondoren protagonismoa. Gonzalo Iguanzo (Supermercados Froiz) eta Raul Mira (Nesta MMR) igo dira podiumera. Lehen euskal herritarra Unax Galan (Occident Miribilla) izan da, 7. postuan.
Emakumeen elite eta 23 urtez azpikoen karreran, Lea Stern suitzarrak erakutsi du Lauryssenen ahal bera. Boskote bat aurreratu da lehen itzulietan, baina aleka-aleka aurkariak jokoz kanpo utzi ditu Sternek, erritmo aldaketa bortitzekin. Lucia Gonzalez asturiarrak eta Sofia Rodriguez valentziarrak –bigarren eta hirugarren sailkatuak– gehixeago eutsi diote, baina helmugarako bide lauan itzalik egiterik lortu gabe.
Jende dezente bildu da Ormaiztegiko zirkuitu eraldatuan. Lokatzaren aztarrenik ere ez da izan, eta zelaiek gogor iraun dute goiz osoko ziklo-kros jardunean.
Nesta MMR taldea artilleria sendoa ekarri du Ormaiztegira. Eliteko hiru podiumez gain (gizonezkoen 3.a eta emakumezkoen 2.a eta 3.a), junior mutiletan garaipena lortu du, Pelayo Gancedo asturiarrarekin. Mikel Llorente (Kukusmendi) eta Alvaro Taramona (Occident Miribilla) euskal herritarrak sailkatu dira gero. Neska juniorretan, aldiz, euskaldunen nagusitasuna erabatekoa izan da. Maddi Saizar (Danena) berastegiarrak irabazi du, bigarren Noa Vega (Ciclos Gorliz) eta hirugarren Naiara Saez de Jauregi (Bertako Spiuk) izan dira.
Kadetetan, Mikel Igoa (Nafarroako Selekzioa) eta Claudia Tando (Mendiz Mendi) izan dira garaileak; Master 60an Xabier Muruamendiaraz, M-50ean Andoni Jimenez eta Arantzazu Azketa, eta M-40an Iñaki Carro.
Azken pedalkadak eta omenaldia
Ormaiztegiko ziklo-krosan agur kutsua ere hartu du gaur. Jon Izagirre (Cofidis) herritarra eta Pello Bilbao (Bahrain Merida) gernikarra azkeneko aldiz igo dira bizikletara lehiaketa batean. Izagirrek herrikideen aurrean utzi du bizikleta. Errepideari Lombardian adio egin ondoren, ziklo-krosari ere despedia berezia eman dio. Joxe Ramon Izagirre aitaren eskutik, ziklo-krosean hasi zen umetan, eta ziklo-krosean bukatu nahi zuen.
Irten aurretik, kideen bizikleta-korridorean pasatu dira Izagirre eta Bilbao. Ondoren, 13:05ean puntuan abiatu, eta eginahal betean, edo eskumutur hautsiak utzi dion neurrian behintzat, ekin dio. Baina arazo mekaniko batzuk tarteko, berehala atzera geratu da. Ez du etsi, eta zerezkoa den erakutsi du herrikideek eta Goierriko zaletuen pasaera bakoitzeko orruen artean: hortzak estutu, eta atzetik aurrera egin du posizioetan, 7. kokatzeraino. Azken bira, ordea, agurtzeko hartu du, hanka altxatuta, eta baita begirada, burua eta zaletuei agur esateko eskua ere. Helmuga zeharkatu ondoren –ohi baino jende gehiago gerturatu da udaletxe aurrera–, metro gutxi batzuk egin, bizikletatik jaitsi, hesiz bestalde zuen aitari besarkada bat eman, eta hunkiduraren malkotan urtu da.
Jon Izagirrerekin batera, Pello Bilbao profesionala ere agurtu dute Ormaiztegin. Azken karrera ziklo-kroseko lehena zuen gernikarrak; nabaritu zaio teknikaren herdoila, baina harrotasunez eta esker onez, bizikleta gainean Ormaiztegin bukatu nahi izan du bere ibilbidea ere. Lasterketa ez du amaitzerik izan, baina bukaerako omenaldia berdin-berdin jaso du Bilbaok, plazako kioskoan, Izagirreren ondoan. Haiekin batera, Lur Zufiria ormaiztegiarrak ere txirrindularitza utzi du, eta dagokion oroigarria eta txapela jaso ditu. Azken hiru urteetan Zatika taldean ibili da Zufiria; taldea ere desegitera doaz, eta Ormaiztegin emakumezkoen txirrindularitza aitzindari izan denak umetan hasitako ibilbidea amaitzea erabaki du.
Ormaiztegiko txirrindularitzaren oroigarria Bilbaori, txapela Zufiriari, eta antolatzaile taldeko buru eta lagun Unai Galarragak emandako bertsodun plaka-oroigarria Izagirreri oparitu dizkiete. Hauxe da bertsoa: “Urtetako ahalegina / bi pedalen eragina / gozamena edo mina, / errepideko doktrina. / Gertu-gertutik jarraitu zaittun / jaioterriak jakina, / hartrotasunez jarri nahi dizu / merezi dezun domina. / Ibilbidean lortutakoa / izan da sinestezina! / Bagatoz eta bagoaz baina / hor geratzen da egina”.
Euskal Herriko ziklo-kros proba zaharrena da Ormaiztegikoa, baita Espainiako estatukoa ere. Eta Europan beste bi bakarrik daude lehenagotik ari direnak. Antolakuntzan errelebo aldaketa iaz gauzatu ondoren, nazioarteko mailan, etxeko izarrei ohore emanez, eta zaletuen gozamena asez bete du aurtengo edizioa. Euskal ziklo-krosak aspalditik daraman gainbehera galgatuz, aldi berean.
Ormaiztegiko 54. Ziklo-Kros Probaren sailkapenak (Euskal Txirrindularitza Federazioaren webgunean)

Lea Stern eta Lucia Gonzalez, emakumeen eliteko buruan. /Aimar MaizAimar Maiz

Jon Izagirre, Ormaiztegin azken karreran. /Aimar MaizAimar Maiz

Lauryssen garailea helmugan. /Aimar MaizAimar Maiz

Pello Bilbao, Lur Zufiria eta Jon Izagirre, omenduak. /Aimar MaizAimar Maiz

Lauryssen garailea zubian. /Aimar MaizAimar Maiz












