San Juan Txiki eguna ospatzen ari dira Olaberrin
Goiza infantil mailako pilota partidarekin eta Euskal selekzioaren erakustaldiarekin hasi dute. Arratsaldean, berriz, herri kirol desafioa izango da.
Infantilen partidako irudia. San Juan Txiki eguna dute gaur olaberritarrek, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Goiza bi pilota partiduekin hasi dute. Lehenengoa infantil mailakoa izan da: Aranburu eta Agirre olaberritarrak Lazkaoko J. Arrietaren eta Alegiako I. Artolaren aurka aritu dira. Partida estua izan da, bi bikoteak 21 eta 21eko berdinketara iritsi baitira. Azkenean, Aranburu eta Agirre izan dira garaile.
Bigarren partida, berriz, Euskal selekzioaren erakustaldia izan da. Olaberriko Azketa eta Segurako Goiburu Villabonako J. Cestauren eta Alegiako Irazustabarrenaren aurka lehiatu dira. Neurketa estua izan da hau ere, eta bi bikoteak 21eko berdinketara iritsi dira. Azkenean, Cestau eta Irazustabarrena izan dira garaile.
Arratsaldean ere kirolak hartuko du protagonismoa Olaberrin. 17:30ean haurren herri kirol desafioa egingo dute, eta ondoren helduen txanda izango da. 18:00etan, bi gazte taldek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak, eta ondoren, finala talde beteranoaren aurka jokatuko dute.
20:30ean moxal-haragi errea izango da, eta eguna borobiltzeko, 22:30ean Oilar Beltzak taldearen erromeria izango da.













