Beasaingo astearteko azokak ere ikasturtea hasiko du bihar
Ez du etenik izan, baina ekoizle gutxiago bertaratu dira. Bihar sagar karamelizatuarekin egindako krepak dastatu ahal izango dira doan.
Beasaingo azoka otsailaren 3ko irudian.Laida Goiburu Beasaingo azokak ere ikasturte hasiera izango du bihar, irailak 1. Ekoizleak eta erosleak elkartuko ditu berriz ere oporren ostean. Astearteko azokak ez du etenik izan, baina oporraldia dela-eta ekoizle zein bezero gutxiago izan da.
Udalaren esanetan “berrindartuta” dator oporretatik bueltan azoka, eta herritarrak gonbidatu ditu “bertako elikagaien aldeko apustua egitera eta azokak eskaintzen duen elkarguneaz gozatzera”.
Udako ekoizpenekin batera, udazkeneko lehenengo fruituak erosteko aukera izango da astearte goizean. Barazkien atalean, Gernikako piperrak, piper italiar gorri eta berdeak, alberjiniak, azelgak, tomateak, letxugak, borrajak eta porruak izango dira salgai.
Horrez gain, askotariko ogi motak, baserriko arrautzak eta sagar ekologikoak egongo dira eskuragarri. “Aurten bereziki azpimarratzekoa da sagar ekologikoen kalitatea, Alpigala, Inobi eta Elstar barietateak egongo baitira”, azaldu du udalak.
Kaxolako Iker Markinezek sukaldaritza erakustaldia egingo du Loinazko San Martin plaza azpian, azoka eremuan bertan; sagar karamelizatuarekin egindako krepak prestatu eta doan banatuko ditu.













