Urretxu eta Zumarragako irakurle taldekoei Gabriel Aresti berpiztea bakarrik falta zaie
Urretxu eta Zumarragako irakurle taldeak 60 idazle baino gehiago gonbidatu ditu herrira, 2009-2010 ikasturtean martxan jarri zenetik. Ikasturte honetan ere hainbat solasaldi egingo dituzte.
Urretxuko eta Zumarragako irakurle taldeak 18. ikasturtea hasiko du. Helburua euskarazko liburuak irakurtzeko zaletasuna zabaltzea da. Helburu horrekin, hilabetean behin irakurritako liburuaren lanketa egitera elkartzen dira. Aurreko ikasturtean, bederatzi saio egin zituzten. Ondorengo liburuei buruz hitz egin zuten: Miren Amurizaren Pleibak, Josu Ozaitaren Gau beltza, Antxiñe Mendizabalen Katona, Fleur Jaeggyren Proleterka (Miren Iriartek eta Fernando Reyk itzulia), Lide Hernandoren Izotz ura, Josu Goikoetxearen Lakioa, Goiatz Labandibarren Zoo, Katixa Agirreren Barne zerbitzuak (Seguran izan zen saioa, Goierriko irakurle taldeen bilkura bertan egin baitzen) eta Ainhoa Urienen Ehun zaldi trostan.
Ahal duten guztietan idazlea solasaldian parte hartzera gonbidatzen dute eta euskal idazle handi guztiak herritik pasa dira. 2009-2010 ikasturtean Uxue Alberdi (Aulki jokoa), Bernardo Atxaga (Zazpi etxe Frantzian) eta Joan Mari Irigoien (Bestea da mundua). 2010-2011 ikasturtean Eider Rodriguez (Katu jendea), Ur Apalategi (Fikzioaren izterrak) eta Miren Agur Meabe (Zazpi orduak). 2011-2012 ikasturtean Edorta Jimenez (Ispiluaren kalteak), Uxue Apaolaza (Mea culpa), Joseba Lozano (Argiaren erreinua) eta Anjel Lertxundi (Etxeko hautsa eta Desertuan behatxuloa Goierriko topagunean).
Cano, Saizarbitoria…
2012-2013 ikasturtean Harkaitz Cano (Twist), Ramon Saizarbitoria (Martutene), Yoseba Peña (Hodeien adorea) eta Garazi Goia (Txartel bat (des)herrira). 2013-2014 ikasturtean Laxaro Azkune eta Imanol Lazkano (Errezildarren ateraldiak), Andoni Salamero (Japonia) eta Antxiñe Mendizabal (Nere amak ez dauka erremediorik) eta 2014-2015 ikasturtean Pako Aristi (Independentziaren paperak), Kirmen Uribe (Mussche), Bernardo Atxaga (Nevadako egunak) eta Bertol Arrieta (Alter ero).
Geldialdi bat egin beharra dago arnasa hartzeko… 2015-2016 ikasturtean Aingeru Epaltza (Mailuaren odola), Yolanda Arrieta (Off-on), Irati Goikoetxea (Andraizea) eta Unai Elorriaga (Iazko hezurrak) gonbidatu zituzten. 2016-2017 ikasturtean Patxi Zubizarreta (Laranja bat zaborretan), Iñaki Mendiguren (Haltzak badu bihotzik), Mikel Peruarena (Su zelaiak), Aitziber Etxeberria (Nomadak) eta Yolanda Arrieta (Argiaren alaba).
2017-2018an Kattalin Miner (Nola heldu naiz ni honaino?), Luis Garde (Ehiztariaren isilaldia), Antton Kazabon (Hitzak eta lumak) eta Arantxa Urretabizkaia (Goierriko taldeen topaketan) eta 2018-2019an Pello Lizarralde (Orbanak), Katixa Agirre (Amek ez dute), Joxean Sagastizabal (Peru Apreta), Patxi Zubizarreta (Jeansak hozkailuan) eta Aiora Jaka itzultzailea (Mario Benedettiren Udaberri kantoi hautsia).
2019ko apirilean Aiora Jakarekin egindako saioa Skype bidez egin zuten. Eta zer gertatu zen handik 11 hilabetera? Irakurle taldeko kideak, irakurle finak izateaz gain, igarleak ote dira? Txinan gertatutakoarekin zerikusirik izan al zuten? Hipotesi, ikerketa eta txorakeriak albo batera utzi, eta jarrai dezagun zerrendarekin. 2019-2020 ikasturtean Harkaitz Cano (Fakirraren ahotsa), Iñigo Aranbarri (Munduko tokirik ederrena), Karmele Jaio (Aitaren etxea) eta Ekaitz Goienetxea (Zaldi mamarroa) gonbidatu zituzten. Azken horrekin egindako saioa Meet bidez egin zuten, zorioneko pandemia dela eta.
Gazteak eta beteranoak
2020-2021 ikasturtean Antxiñe Mendizabal (Odolekoak), Idoia Santamaria itzultzailea (I. Bachmann-en Aldibereko), Miren Amuriza (Basa), Maddi Ane Txoperena (Ene baitan bizi da) eta Amets Arzallus eta Ibrahima Balde (Miñan) gonbidatu zituzten. 2021-2022 ikasturtean Joseba Sarrionaindia (Ni ez naiz hemengoa), Lander Garro (Faith) eta Laura Mintegi (Sisifo Maite nuen). 2022-2023 ikasturtean, Izaskun Etxeberria (Esaten ez den guztia), Fermin Etxegoien (Totelak), Joxean Agirre (Solteroen dantzalekuak), Nerea Ibarzabal (Bar Gloria) eta Anjel Lertxundi (Goierriko topagunean).
2023-2024 ikasturtean Mikel Alvarez (Euskalia), Mikel Fernandez (Kukuek ez dituzte euren kumeak zaintzen) eta Mariasun Landa (Krokodiloa ohe azpian, Goierriko topaketan). 2024-2025 ikasturtean, Josebe Blanco eta Leire Milikua (Hasnarrean eta Lur gainean, itzal azpian), Jon Urzelai (Su festak), Jon Artano (Juana) eta Gorka Erostarbe (Egañazpi, ezink esan polita ez dela). Bukatzeko, bukatu berri duten ikasturtean, Josu Ozaita (Gau beltza), Antxiñe Mendizabal (Katona), Lide Hernando (Izotz ura) eta Josu Goikoetxea (Lakioa) gonbidatu dituzte.
Hamaikako ederra osatu daiteke… Munduko futbol txapelketa irabaziko duena baino hobea. Gorka Azkarate managerrak Realak baino fitxaketa hobeak egiten ditu… Ikasturte honetan nor gonbidatuko ote du? Gabriel Aresti berpiztea bakarrik falta zaie…













