Iaz jaiotako haurrei ongi etorria egingo die Urretxuko Udalak, Santa Anastasia jaietako txupinazoa bota aurretik
Ekitaldian parte hartu nahi duten gurasoek izena eman behar dute
Urretxuko Udalak, aurten estreinakoz, iaz (2025ean) jaiotako haurrei ongi etorria egingo die jaietako lehen egunean (irailak 18an). Atsolorra izeneko ongi etorria egiten zitzaien haurrei komunitatera, eta izen berarekin antolatu du ekitaldia Sustapen Soziokulturalerako sailak. 17:00etan hasiko da ekitaldia, udaletxeko portaloian, eta herriko hainbat artista eta eragilek hartuko dute parte ongi etorrian.
Uxue Kerejetaren musikaz, Lurra dantza taldekoen agurraz eta Antton Fernandez eta Beñat Torresen bertsoez osatuko da ekitaldia. Horretaz gainera, Urretxuko Udaleko ordezkariek oroigarri bana emango diete, jaietako zapiak jantziko dizkiete eta Urretxuko erraldoiak emango dizkiete opari. Ekitaldia elkarrekin egingo duten meriendarekin bukatuko da.
Urretxuko Udalak, Esku Hutsik elkartearekin elkarlanean, jaio ziren, baina gure artean ez diren haur horiek ere gogoratu nahi ditu, familien eta urretxuarren parte direlako. Hala, horien oroimenerako ekitaldia ere izango da, eta Nerea del Barriok hitzartzea egingo du. Esku Hutsiken izenean opari bana ere emango die, aurrez aipatutako oroigarri eta opariekin batera.
Antolaketa errazteko, parte hartuko duten familiek izen ematea eskertuko lukete antolatzaileek. Horretarako, 605 772 842 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidali dezakete (haurraren izen-abizenak eta ekitaldira joango diren pertsonen kopurua adieraziz), edo 943 038 090 telefono zenbakira deitu dezakete informazio bera emateko.













