Garagardo azoka egingo da bihartik larunbatera Lazkaon
Garagardo azokaren baitan kontzertuak, zozketak, kantu afaria, buruhandiak etab... antolatu ditu Gerriko Kultur Elkarteak.
Lazkaoko garagardo azoka 18:00etan irekiko dute, bihartik larunbatera.Mikel Albisu Gerriko Elkarteak, aurten ere, garagardo azoka antolatu du. Lazkaoko plazako pilotalekuan ostegunean hasi eta larunbatean amaituko da. Azokaren barruan beste hainbat ekintza egongo dira: besteak beste, kontzertuak, kantu-afaria eta zozketak.
Azokako egunetako txandak Gerriko elkarteko bazkideek osatzen badituzte ere, hiru dira azoka prestatzeko arduradunak izan direnak: Ruben Ramajo, Jorge Aizpun eta Ander Zubiarrain.
Ruben Ramajok adierazi du 3 urte daramatzala taldetxo horrek azokaren antolaketaz arduratzen: «Hilean behin edo bitan gelditzen gara antolaketa lanak egiteko». Atzo, txosna jarri zuten, eta gaur, garagardoak iritsiko direla azaldu du antolatzaileak. Gaineratu duenez, ekimenaren helburua Gerriko Kultur Elkartearentzat dirua lortzea da herrian giro ona jartzn duten bitartean.
Azokak eskaintzen duena
Hamar garagardo ezberdin egongo dira aukeran, eta azokan janaria edo edaria hartzeko, lehenik tikeak erosi beharko dira. Garagardoarenek tamainaren eta motaren arabera lau prezio ezberdin izango dituzte. Garagardo arrunt txikiak 3€, garagardo berezi txikiak 3,5€, garagardo arrunt handiak 4,5€ eta garagardo berezi handiak 5€.
Hiru garagardo arruntak Basquenland Santa Clara, Radler Blemon eta 0,0 tostatua dira. Bereziak, berriz, Basquenland tostatua euskalduna, Asahi japoniarra, Brewdog Punk eskoziarra, O’hara’s irlandar beltza eta gorria, Zot Dubbel belgikarra eta Erdinger Hefenweizer alemaniarra.
Jatekoan, Txindoki eta Aizkorri platerak izango dira aukeran. Txindokik 13€ balioko ditu, eta txonkoa, 2 saltxitxa, patata purea eta Orekako ogiarekin osatuko da. Aizkorrik, berriz, 26€ balioko ditu, eta 1,5kg-ko txonkoa, 4 saltxitxa, patata purea eta Orekako ogia izango ditu. Horietaz gain, Gerriko hanburgesa berezia, Gerriko oilasko hanburgesa eta Gerriko hanburgesa beganoa egongo dira, denak 13€-ren truke.
GaziGozo dendaren eta Ixidroren eskutik urdaiazpikoa eta gaztak izango direla adierazi du azokako arduradunak. Urdaiazpikoa zozketatu egingo da larunbatean. Gaztak, ordea, pisua asmatzen duenak eramango ditu, ostegunean eta ostiralean.
Egitaraua
Osteguna, 10
19:00. Garagardo-pintxoa.
20:30. Kantu afaria (Maizpideko lagunekin).
23:00. Gazta apustuaren sari banaketa.
Ostirala, 11
19:00. Buruhandiak.
19:30. Kontzertua: Herriko trikitilariak.
20:00. Afariak ematen hasi.
23:00. Intxaur apustuaren sari banaketa.
Larunbata, 12
19:00. Emaion erromeria taldea.
20:00. Afariak ematen hasi.
23:00. Urdaiazpikoaren zozketa.
23:05. DJ-a.













