Langar giroan esnatu da Ordiziako aparteko feria
Beti-Alai pilotalekuan abian da Ordiziako 53. Ardilatxa gazta txapelketa, Garagartza plazan Pirenaika arrazako lehiaketa, eta Barandiaran plazan Euskal oilo eta barazkiena.
Tolosako dultzaineroak kofradiaren kalejira irekitzen, gaur goizean. Iñaki Gurrutxaga Azken urteetako ohiturari jarraituz, D’elikatuz zentroaren atarian zain zegoen zalgurdian gaztak sartu, kalejira egin eta Beti-Alai pilotalekura eraman dituzten Ordiziako 53. Ardilatxa Gazta txapelketan parte hartuko duten 49 gaztak (29 zuriak eta 20 ketuak). Langar tantoak ari zirela egin dute herri kaskoko buelta.
Goierriko edo goierritar jatorriko 11 gaztagile aurkeztu dira lehiaketara: Garoa (Zerain), J. Etxezarreta Anaiak (Zerain), Iker Sukia (Lazkao), Xabier Azurmendi (Zegama), Agurtzane Gabiria (Legazpi), Aizpea (Olaberria), Baztarrika (Gabiria), Barandiaran (Idiazabal), Ondarre (Segura) eta Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregiren La Leze (Ilarduia). Ordiziako Otatzako Joseba Insausti ez da zerrendan ageri.
Garagartza plazan Pirenaika arrazako lehiaketa egiten ari dira, eta Barandiaran plazan Euskal oilo eta barazkiena.













