Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak irabazi du Ordiziako 53. Ardilatxa gazta lehiaketa
Bost onenen artean, gazta natural bat aurkeztu duen bakarra izan da. Bigarren sailkatu da Eneko Goiburu Murua (Segura), hirugarren Aizpea (Olaberria), laugarren Kortaria (Lekaroz, Nafarroa) eta bosgarren Bostibaieta (Legutio, Araba).
Irabazleak sariekin.Iñaki Gurrutxaga Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak (Araia-Asparrena, Araba), irabazi du Ordiziako 53. Ardilatxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa, gazta natural batekin. Bigarren sailkatu da Eneko Goiburu Murua (Segura), hirugarren Aizpea (Olaberria), laugarren Kortaria (Lekaroz, Nafarroa) eta bosgarren Bostibaieta (Legutio, Araba). Bost finalisten artean, lau ketu eta natural bat izan dira; horien artean, irabazleak soilik aurkeztu du naturala.
Urrezko Kutxa garaikurra ez da banatu, jasotzeko aukera zuen bakarra Kortaria gaztandegiko Julen Arburua zelako, 2018an eta 2019an irabazi ondoren.
49 gaztandegi edo gaztagilek aurkeztu dituzte gaztak lehiaketara, Bizkaiko lauk, Nafarroako hamaseik, Arabako bederatzik eta Gipuzkoako hogeik. 29 gazta natural aurkeztu dituzte, eta 20 ketu.
Goierriko edo goierritar jatorriko 11 gaztagile aurkeztu dira lehiaketara: Zeraingo Garoa eta J. Etxezarreta Anaiak E.Z, Lazkaoko Iker Sukia Mesas eta Aitor Iztueta Barandiaran, Zegamako Xabier Azurmendi Utrilla, Legazpiko Agurtzane Gabiria Argarate, Gabiriako Baztarrika, Olaberriko Aizpea, Idiazabalgo Ander Barandiaran Mujika, Segurako Eneko Goiburu Murua eta Arabako Ilarduiako La Lezeko Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregi. Ordiziako Otatzako Joseba Insausti ez da aurkeztu.
10:00etan hasi da lehiaketa Beti Alai frontoian. Joseba Olagaraik aurkeztu du ekitaldia. Epaimahaiko lehendakaria Pedro Subijana sukaldaria izan da. Epaimahaia osatu dute Bitor Rodriguez, Irene Arbizu, Patxi Perez, Carmen Cega, Maider Oleaga, Igor Hernandez eta Maria Jose Garcia Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariek; Hilario Arbelaitz, Elena Arzak, Martin Berasategi, Xabier Zabaleta, Lourdes Rekondo, Roberto Ruiz, Gorka Txapartegi, Iñigo Lavado eta Yoshitsugu Yamamoto sukaldariek; Mikel Zeberio, Mitxel Ezkiaga, Miguel Angel Oliver eta Jose Rigaborda kazetariek; eta Jose Mari Aizega, Tatus Fombellida eta Duplako Beñat Oribe eta Gari Ugartek gonbidatu gisa.
Hamalauetatik, hiru goierritar
49 gaztetatik hamalau aukeratu ditu aurrena epaimahaiak: Aizpea (Olaberria), Albi (Arruazu, Nafarroa), Antsonea (Uztegi, Nafarroa), Balda Artola (Unanu, Nafarroa), Bostibaieta (Legutio, Araba), Beñat Egaña Albizu (Mutriku, Gipuzkoa), Eneko Goiburu Murua (Segura), Ipiñaburu (Ipiñaburu, Bizkaia), Kortaria (Lekaroz, Nafarroa), La Leze (Ilarduia, Araba), Unai Lekuona Ruiz Luzuriaga (Araia-Asparrena, Araba), Ricardo Remiro Aguirre (Eulate, Nafarroa), Jose Inazio Ugartemendia Jauregi (Berastegi, Gipuzkoa) eta Urien Anbeko (Abadiño, Bizkaia) gastak pasatu dira finalera.
Aurten hil diren hiru kofradia kideren aldeko minutuko isilunea egin dute, eta, azken bost finalisten izenak esan aurretik, Euskal Sukaldaritza Berriaren mugimenduaren 50. urteurrena dela eta, mugimenduko ordezkariek omenaldi xume bat jaso dute, batzuk frontoian zirela aprobetxatuta. Tatus Fombellida, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Elena Arzak, Ramon Roteta eta Hilario Arbelaitz igo dira oholtzara omenaldia jasotzera.
Lehen sarituak 2.000 euro, txapela, Kutxaren garaikurra, diploma eta 12.000 etiketa jaso ditu, bigarrenak 1.000 euro, Ordiziako Udalaren garaikurra eta diploma, hirugarrenak 500 euro, Ordiziako Udalaren garaikurra eta diploma, laugarrenak 250 euro eta diploma eta bosgarrenak 220 euro eta diploma. Hamalau finalistek finalista diploma bana ere jaso dute.
Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga batu da irabazleen zerrendara. 2016an Joseba Insaustik (Ordizia) irabazi zuen Ordiziako gazta lehiaketa, 2017an Jose Luis Odriozolak (Aia), 2018an eta 2019an Julen Arburuak (Lekaroz), 2020an Patxi Lopez de Uraldek (Larrea), 2021ean Eneko Goiburuk (Segura), 2022an La Lezek (Ilarduia), 2023an Eneko Goiburuk, eta 2024an eta 2025ean La Lezek. Hala, Urrezko Kutxa garaikurra jasotzeko aukera zuen bakarra Kortaria gaztandegiko Julen Arburua zen (2018an eta 2019an garaile), 2023an Eneko Goiburuk jaso baitzuen, eta 2025ean La Lezek. Sari hori banatu eta hurrengo urtetik aurrera hasten dira kontatzen sari berri bat banatu ahal izateko, baina aurten ez du izan jaberik.













