CAFeko komun batean ezkutuko kamera bat aurkitu dute eta langile batek bere burua erruduntzat jo du
Irailaren 4an Zuzendaritzak premiazko bilera batera deitu zuen Enpresa Batzordea, eta han jakinarazi zuten Giza Baliabideetako arduradunek lantegiko komun batean ezkutuko kamera bat aurkitu zela eta egoera Ertzaintzari salatua zegoela.
CAFen lantegia Beasainen.Ariane Vierbücher CAFeko komun batean ezkutuko kamera bat aurkitu dutela zabaldu du Enpresa Batzordeak adierazpen batean. Idatzian diotenez, zuzendaritzak konfidentzialtasun-klausulapean helarazi zion informazioa Komiteari, eta horregatik Enpresa Batzordeak ezin izan du orain arte gaiaren inguruan ezer adierazi. Langile batek bere burua erruduntzat jo du.
Irailaren 4an Zuzendaritzak premiazko bilera batera deitu zuen Enpresa Batzordea, eta han jakinarazi zuten Giza Baliabideetako arduradunek lantegiko komun batean ezkutuko kamera bat aurkitu zela eta egoera Ertzaintzari salatua zegoela. Batzordeak azaldu duenez, enpresak jakinarazpena luzatu zuen komun horren ohiko erabiltzaile diren pertsonei.
Irailaren 7an, Zuzendaritzak beste bilera bat deitu zuen Komiteari gaiaren inguruko berriak emateko. “Bigarren bilera horretan, langile batek bere burua erruduntzat jo eta lantegian baja eskatu zuela adierazi duten enpresako arduradunek. Enpresak erasotzailearen izena Ertzaintzari berehala jakinarazi ziola argitu zuen, prozesu judiziala irekita baitago”.
Batzordearen elkartasuna
Enpresa Batzordeak elkartasuna adierazi die biktimei “Enpresa Batzordearen eta langile guztien izenean”, gune seguruak bermatzeko eskatu du eta “zenbait pertsonak sentitzen duten inpunitatea behingoz amaitu behar” dela aldarrikatu du: “Sexu-ildoko edozein eraso onartezina da, eta ez dugu mota honetako jokabiderik onartuko CAFeko instalazioetan”.
Adierazpena amaitzeko, gogoratu du CAFek baduela sexu jazarpenaren aurkako protokolo zehatz bat, eta edozein langilek horrelako egoerarik pairatuko balu, Enpresa Batzordearekin harremanetan jar dadila eskatu du. “Beharrezko diskrezio eta konfidentzialtasun osoz, egoerari aurre egiteko neurri guztiak martxan jarriko lirateke”.













