Sei pertsona atxilotu eta hamabi pertsona atera dituzte Beasaingo eraikin okupatu batetik
Ertzaintzaren oharrean diotenez, "polizia dispositibo zabal baten ondorioz, lau gizon eta bi emakume atxilotu dituzte lapurretetan, droga-trafikoan, errezibitzean eta talde kriminaleko kide izatean parte hartzeagatik".
Ertzainak esku hartutako etxebizitzaren aurrean.Ertzaintza Ertzaintza operazio bat burutzen ibili da azken egunotan Beasainen. Atzo arratsaldean eta gaur goizean Ertzaintzaren ibilgailuak izan ziren Maiteren errotondaren inguruan, eta errepide nagusiko beste aldera doan tunela itxita eduki zuten. Etxebizitza bat erregistratzen ari ziren. Ertzaintzak jakinarazi duenez, sei pertsona atxilotu eta hamabi pertsona atera dituzte eraikin okupatu batetik.
Zabaldutako oharrean diotenez, “polizia dispositibo zabal baten ondorioz, lau gizon eta bi emakume atxilotu dituzte lapurretetan, droga-trafikoan, errezibitzean eta talde kriminaleko kide izatean parte hartzeagatik”. Atxilotuak okupatutako eraikin batean bizi ziren, eta bertan, “delitu-jardueraren froga ugari aurkitu” dituzte. Eraikina erabat hustu dute epailearen aginduz.
Oriako ertzain-etxeko agenteek, Errenteriako eta Donostiako ertzain-etxeen, Txakur Unitateen, Interbentzio eta Brigada Mugikorraren laguntzarekin eta Beasaingo Udaltzaingoaren laguntzarekin sartu dira etxebizitzara, eta miatu egin dute.
Apirilean, esku hartzea
“Eraikinean esku hartu duten polizia-baliabideek legez kanpoko hainbat objektu aurkitu dituzte hainbat etxebizitzatan, Gipuzkoako eta Nafarroako garaje eta trastelekuetan lapurtuak izan direlakoan”. Ondoren, objektu horiek legezko jabeei itzuliko zaizkie. “Era berean, solairuetako batzuetan substantzia estupefazienteen kantitate desberdinak aurkitu dira, hala nola kokaina, anfetamina sulfatoa (speed), ebaketa-substantzia eta saltzeko zatitutako haxixa”.
Ertzaintzak eraikin berean apirilean esku hartu zuen, eta aurrez lapurtutako erremintak, arropa eta aparatu elektronikoak konfiskatu zituen. “Etxebizitza gehienak ohiko delitugileek betetzen zituzten, eta delitu hauek egiten zituzten: ondarearen aurkako delituak, droga-trafikoa, lapurtutako objektuak hartzea, eta talde kriminal bat osatzen zuten, eginkizunak banatuta zituena”, azaldu du Ertzaintzak.














