Gurutze Deunaren festa asteburua dute Urkian
Larunbatean hasita, hiru eguneko festa asteburua izango dute auzotarrek. Astelehenean bukatuko dira.
Urkiko Santikutz jaietako artxiboko argazkia. // Hitza Gurutze Deunaren jaiak ospatuko dituzte asteburuan Itsasondoko Urkia auzoan. Beste behin ere, larunbatean hasita, hiru eguneko festa asteburua izango dute auzotarrek, eta zaindariaren egunarekin itxiko dute ospakizuna, astelehenean. Bestelako zenbait ekitaldien artean, dagoeneko tradizio bihurtu diren zenbait ekimenerako, festarako, kirolerako zein otordu herrikoietarako tartea izango da. Antolatzaileek egitaraura hurbiltzera eta ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Larunbat iluntzean ekingo diote ospakizunari, jaien hasiera berezi eta musikatuarekin. Jarraian, lagun arteko afaria izango da, baina bertaratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aurrez 680 342 121 telefono zenbakira deituta izena ematea –bihar, hilak 10, izango da horretarako azken eguna–. Afalostea, berriz, Ostolaza eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute.
Astelehenera arte
Igandean goizean goizetik abiatuko dituzte jarduerak, 10:00etan hasita. Meza nagusia egingo dute aurrena, eta ondoren, hamaiketakoa Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin. Eguerdian bazkaria izango da –bihar arte izango da apuntatzeko epea, telefono berera deituta–, eta arratsaldean, berriz, herri kirol ekinaldia, 18:30ean. Lau aizkolari eta harri-jasotzaile bat izango dira Urkian: Igoin Pikabea, Laiene Pikabea, Unai Etxeberria, Uxue Ansorregi eta Udane Ostolaza, hurrenez hurren. Eguna borobiltzeko, azkenik, erromeria izango da.
Gurutze Deunaren egun berezi bezain tradizionalarekin itxiko dute urkiatarrek jai asteburua, 11:00etan egingo duten meza nagusiarekin zein ondorengo hamaiketakoarekin. Saskiaren zozketa, 14:00etan egingo da.













