«Herrietako probek gero eta onarpen eta parte-hartze txikiagoa dute»
Txindoki Atletismo taldeak ez du aurkitu Josetxo Imaz lasterketaren antolakuntzari eutsiko dion erreleborik.
Josetxo Imaz memoriala 2012. urtean, Ordiziako Gudarien Etorbidean gora. Mila lagunetik gora abiatuko ziren orduan. Iñaki Gurrutxaga 2001az geroztik urtero-urtero iraileko azken igandean Ordizia, Beasain eta Lazkao artean jokatu izan den Josetxo Imaz herri lasterketa ospetsuak ez du ediziorik izango aurtengoan. Azken 25 urteetan Imazen semea eta beste hiruzpalau lagun izan dira probaren ardura hartu dutenak; tartean, Angel Perez Pululu. Hedabide honi emandako informazioaren arabera, antolatzaileek «ziklo bat» bete dutela uste dute, eta antza, ez dute lasterketaren antolakuntza bere gain hartzeko prest legokeen erreleborik aurkitu. Txindoki atletismo taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan babesa eskaini dieten erakunde publiko eta pribatuei, eta korrikalari guztiei.
Berehalako 25 urte
2000. urteko urriaren 6an hil zen Josetxo Imaz atleta, 68 urterekin. Beasainen jaioa zen, Lazkaon lan egiten zuen eta Ordizian atletismoan aritzen zen. Txindokiko sortzaileetako bat ere izan zen, eta geroztik, elkartearentzat dirua biltzeko aitzakia gisa, bere omenezko lasterketa antolatzen hasi ziren.
«Herrietako probek gero eta onarpen eta parte-hartze txikiagoa dute»
Angel Perez ‘Pululu’. Txindoki atletismo taldea
Aurreneko 12 edizioetan lasterketak «diru asko» eman bazuen ere, urteen poderioz parte-hartzaile kopuruak behera egin duela azaldu du Perezek. Aldaketa hori, antza, azken urteotan herri-lasterketek izan duten «beherakada izugarriaren ondorio» izan da: «Herrietako probek gero eta onarpen eta parte-hartze txikiagoa dute».
Hala ere, probak gutxienez 300 korrikalari izan ditu azken edizioetan, baina Perezek dio kopuru horrek jada ez zuela aurreko urteetan adinako lanik eskatzen: «Inertziaz antolatzen genuen, buruz genekielako».
Hamaika ahalegin
Hamaika izan dira egoerari buelta emateko eta erreleboa topatzeko taldeak egindako ahaleginak, baina ez dute proba antolatzen jarraitzeko prest dagoen inor aurkitu. Hala ere, ez dute probaren etorkizuna bertan behera geratzea nahi, eta berreskuratzeko nahia duen orori laguntzeko prest daudela azaldu du: «Berdin zaigu probaren data mantendu edo beste batean egitea, edota beste izen baten lelopean antolatzea; helburua, Goierrin erreferentziazko lasterketa izaten jarraitzea da».
Aurtengoan, baina, iraileko azken igandeak ez du ohiko memorialaren usainik izango.













