Igartzako Dantzarien eguna, hogeigarrena
Larunbatean, irailaren 12an izango da urteroko Ezpata-dantza, 12:30ean Igartzan. Izaskun Salazar eta Oier Araolaza ohorezko kofradiakide berri izendatuko dituzte.
Igartzako Dantzarien Egunaren XX. edizioa ospatuko dute larunbatean. Irudian, iazko saioaren argazki bat. Iñaki Gurrutxaga Larunbatean, XX. Igartzako Dantzarien egun handia ospatuko dute Beasainen, Aurtzaka dantza taldeak antolatuta. Goizetik eta iluntzera arteko egitaraua antolatu dute, hogeigarren aldirako. 12:00etan, Loinazko San Martin plazan, Herriko Banderaren jasotzea egingo dute eta jarraian, segizioa egingo dute Igartzako Monumentu Multzoraino. 12:30ean, Igartzako Ezpata-dantzaren saioa egingo dute bertan. Guztira, 135 dantzari elkartuko dira.
Igartzako dantzariak ez dira bakarrik arituko. Batetik, Eibarko Kezka dantza taldeko dantzariak ariko dira larunbatean. Aurtzakaren esanetan, «kofradiaren sorrera prozesuan, 2007an, eskainitako laguntza handia izan zen eta, ospakizun honen XX. edizioan, eskertza moduan» gonbidatu dituzte. Izan ere, «Igartzako Dantzarien Kofradiaren antzeko ekimena jarri zuten mratxan 2005ean, beraien kasuan Arrateko Dantzak ardatz dituztela».
Eta bestetik, Argentinatik etorritako Bahia Blanca eta Tandileko euskal etxeetako dantzariak ere izango dira larunbatean Beasainen. Dantzariekin batera, jakina, «dozena bat» musikarik beteko dituzte Beasaingo kaleak eta Igartzako Monumentu Multzoa.
Izaskun Salazar ohorezko kofriadikide
14:00etan, kofradiakideen bazkaria izango da eta bazkalondorenean, ohorezko kofradiakide berri izendatuko dituzte Izaskun Salazar beasaindarra eta Oier Araolaza eibartarra.
Salazar Aurtzaka dantza taldeko kidea, eta lehendakaria izan zen 2005 eta 2024 urte bitartean. «Ibilbide horretan eta egin duen lanari esker, taldearen erakundetzeari eta sendotzeari egin dizkion ekarpenak zenbaezinak izan dira».
Dantza irakasle Aurtzakan eta hainbat ikastetxetan, «gaur egun, baita Asmube Emakumeen Beasaingo elkartean ere».
Bestetik, Igartzako dantzarien Kofradiaren eta San Joan esku dantzaren sustatzaile eta sortzaile nagusietako bat izan da Salazar, «dagoeneko usadio bihurtu direnak Beasainen». Gainera, «Beasaingo Loinatz jaietako dantzak balioan jartzen aritu da oso modu aktiboan; eta besteak beste, dantzaren munduan egindako ibilbide aitzindaria Arrateko Amaren dantzarien Kofradiako ohorezko kide egin zutenean aitortu zitzaion 2013. urtean».
Bigarren ohorezko kofradiakide berria, Oier Araolaza dantzari eibartarra da. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia dantzarien taldeetan aritzen da. Gizarte Komunikazioan doktorea da, eta Antropologia eta Informazio ikasketak egina da. «Dantza eta generoa ikertu ditu besteak beste, eta hainbat artikulu eta lan argitaratu ditu dantzaren inguruan».
Aurtzakaren esanetan, «laguntza handia» eskaini zuen Igartzako Dantzarien Kofradiraren sorreran. «Arrateko Amaren dantzarien Kofradian izandako eskarmentua oinarri ezinbestekoa izan baitzen Igartzakoa martxan jartzerakoan».
Dantzan elkarteko zuzendaria ere bada Araolaza. «Beasaingo dantza talde eta dantzariontzako erreferentzia garrantzitsua izan da azken urteotan, Dantzan elkartean egiten duen lanari esker, batez ere».
Erromeria eta trikipoteoa
Igartzako dantzarien egunarekin amaitzeko, erromeria eta trikipoteoa izango da auzoan zehar, Izer eta Alabier trikitalariekin.













