Belokiko gurutzearen mendeurrena ospatuko dute igandean
Aurtengoa berezia izango da, gurutzeak 100 urte bete baititu. Ohiko erromeria, meza eta hamaiketakoaz gain, bertsolariak eta dantzariak izango dira.
Iraileko bigarren igandean Belokiko gurutzearen festa ospatu ohi dute Zumarragan. Aurtengoa berezia izango da, gurutzeak 100 urte bete baititu. Ohiko erromeria, meza eta hamaiketakoaz gain, bertsolariak eta dantzariak izango dira.
Belokiko Gurutzearen Lagunak elkarteak udalaren eta Arkaitzeta elkartearen laguntzaz antolatzen duen festa 10:30ean hasiko da, trikitilariek girotutako erromeriarekin. 11:00etan meza egingo dute, aurten Zumarragan hil direnen alde. Ondoren, Irrintzi taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatuko dute, Antxiñako Ama taldeko txistulariek lagunduta. Bertso saioa ere izango da. Gainera, gurutzeari buruzko testu bat irakurriko dute. Bukatzeko, hamaiketakoa egingo dute. Urteroko moduan, ehunka pintxo banatuko dituzte.
Izan ere, urteroko moduan, ehunka lagun elkartuko dira bertan. Beloki zumarragarren mendi kuttuna baita. Herritik gertu dagoelako, bidean paisaia zoragarriaz goza daitekeelako, ia adin guztietakoek igo dezaketelako… Zumarragako haurrek igotzen duten lehen mendia. Lehen mendi irteeren helmuga. Lehen gailurra. Haurren mendi kuttuna, gailurrean kanpaia jo dezaketelako. Helduen mendi kuttuna, haurtzarotik ezagutzen dutelako.
Belokiko gurutzea ez da beti egun ezagutzen duguna bezalakoa izan, ordea. Lehen gurutzea 1900. urte inguruan egin zuten. Zazpi metro zituen eta egurrezkoa zen. Bi hamarkadetan zehar Zumarraga zaindu zuen bere talaiatik, denborale batek bota zuen arte. Bere ordez egurrezko beste gurutze bat jarri zuten. Horrek gutxiago iraun zuen: bost urte besterik ez, tximista batek txikitu zuen arte.
Zumarragarrek, ipuineko hiru txerritxoek bezala, lezioa ikasi zuten. Haiek harrizko etxea egin zuten otsoarengandik babesteko eta zumarragarrek burdinezko gurutzea denboraleengandik babesteko. Egungo gurutzea Segundo eta Martin Idigoras anaien tailerrean eraiki zen. 750 kiloko pisua, metro erdiko zabalera, zortzi metroko altuera eta lau metro eta erdiko besoa ditu.
Inaugurazioa
Belokiko gurutzea 1926ko maiatzaren 2an inauguratu zen. 16:00etan kleroa eta udal agintariak parrokia elizan elkartu ziren eta Antiora bidean abiatu ziren. Ama Birjinaren aurrean errosarioa errezatu ondoren, Belokira igo ziren. Segundo Garaialde parrokoak gurutzea bedeinkatu zuen eta Adoramuste Christe eta San Inazioren Martxa abestu zituzten. Ondoren, ogia eta ardoa zerbitzatu zitzaizkien bertaratuei. Iluntzean elektrizitateak gurutzea argiztatu zuen.
Gurutzearen argiztapena berreskuratzea da, hain zuzen ere, Belokiko Gurutzearen Lagunak elkartekoen aspaldiko helburuetako bat.













