IV. Berdintasun Plana diseinatzeko urratsa egin du Ordiziak
Parte hartze prozesuan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Topaketa bat egingo dute astelehenean, Jabekuntza Eskolaren lokalean.
Ordizia berdinzaleago eta feministago baten bidean, datozen urteetako berdintasun politikak markatuko dituzten lan ildoak zehazteko eta IV. Berdintasun Plana diseinatzeko asmoz, parte-hartze prozesu bat abiarazi berri du Ordiziako Udalak.
Helburua da, besteen artean, udalerriko emakumeen errealitatea, ikuspegia, interesak eta bizipenak gertutik ezagutzea (berez aniztasunean), beti ere tokiko elkarteen lankidetzarekin batera. Aurreneko urratsa, iragan uztailean egin zuten, herritarrek parte hartzeko galdetegi bat prestatu zutenean.
Oraingo honetan, berriz, bigarren urratsa egingo dute datorren astelehenean, irailaren 14an. Arratsaldeko 18:00etan hasita, topaketa bat egingo dute Jabekuntza Eskolaren lokalean bertan. Bertan parte hartzeko deia luzatu die udalak herritarrei, baina bertaratu nahi duenak, aurrez izena eman beharko du hurrengo helbidean: berdintasuna@ordizia.eus.













