Ordiziako Sagardo Eguna, Euskal Jaiei amaiera borobila emateko
Beste behin ere, Gipuzkoako sagardogileen topaleku bihurtuko da Ordiziako arboleda. Hemezortzi sagardotegi izango dira larunbateko topaketan.
Sagardoa kopan dastatu ahal izan dute Zuhaiztira joan direnek, sagardogileek beraiek zerbitzatuta.Iñaki Gurrutxaga Bi asteko egitarau betearen ondotik, Ordiziako Euskal Jaiak bukatzear dira, baina oraindik ere izango dira zenbait ekitaldi. Azken urteetan hala finkatuta, bigarren asteburuan sagardo eguna egin izan da Ordiziako arboledan, jaiari amaiera borobila emateko, eta aurtengoan ere, larunbatean, Gipuzkoako sagardogileen topaleku bihurtuko da Ordizia.
Hemezortzi etxetako sagardoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, kopan eta sagardogileek beraiek zerbitzatuta: sei euroan hamar trago. Sagardogile horietako hiru Goierrikoak izango dira: Ataungo Urbitarte, Zeraingo OIharte eta Ordiziako Tximista.
Goierri eta euskal sagardoa
Ildo horretatik, Goierrik sagardoaren sektorean duen garrantzia azpimarratu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak: “Goierriko sagardogileek presentzia nabarmena dute sektorean, hauek dira egun produktuaren berrikuntza eta esperimentazio atalean lan handia egiten ari diren sagardogileak”.
Sagardo Egunak edaria dastatzeko aukera ez ezik, sagardoaren inguruko mundua ezagutzeko parada ere eskainiko duela aurreratu dute antolatzaileek. Jakinarazi dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak 50 kide dituela gaur egun, eta 192 produktu baino gehiago ekoizten dituztela guztien artean. Sagardo naturalaz gain, apardunak, ekologikoak, kriantzak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturalak eta alkoholik gabekoak dituzte eskaintzan, besteen artean.













