Ordiziarrek Lazkao Txiki gogoratuko dute gaur
Xabier Amurizaren ‘Lazkao Txiki. Bat-bateko sorgina’ izeneko kantu-emanaldia antolatu dute bertsolariaren mendeurrenerako, gaur, 19:00etan, D’Elikatuzen.
Lazkaon dagoeneko hasi dituzte Lazkao Txikiren mendeurrenaren harira antolaturiko ekintzak, baina Lazkaon ez ezik, Ordizian ere gogoan izango dute bertsolari handia. Datorren asteartean, irailaren 15ean, 100 urte beteko lituzke Joxemiel Iztuetak, eta hura gogoratzeko, Argi Berri elkarteko bertsogintza lan taldeak Xabier Amuriza gonbidatu du gaur arratsaldeko ospakizun berezira.
‘Lazkao Txiki. Bat-bateko sorgina’ izeneko kantu-emanaldia eskainiko du Amurizak Ordiziako D’Elikatuzen, 19:00etan hasita. Joan den astean taularatu zuen emanaldi bera Lazkaon ere; Lazkao Txikiren bertsoen bilduma berezi bat kantatuko du Amurizak, gaika sailkatuta eta dagokien testuingurua eskainita.
Bertaratzeko deia egin die antolatzaileek herritarrei.













