Euskal Jaietan, euskal sagardoa
Hemezortzi etxetako sagardoa dastatzeko aukera dago Ordizian, Euskal Jaiei bukaera emanez. Goierrik sagardoaren sektorean duen garrantzia nabarmendu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak.
Gipuzkoako hemezortzi sagardogile, gaur arratsaldean, Ordiziako Zuhaiztian.Iñaki Gurrutxaga Ordiziako Euskal Jaiei bukaera borobila emango diote gaur Ordizian. Hemezortzi etxetako sagardoa dastatzeko aukera Zuhaiztian, kopan eta sagardogileek beraiek zerbitzatuta, zortzi euroan hamar trago. Hiru dira Goierrikoak: Ataungo Urbitarte, Zeraingo OIharte eta Ordiziako Tximista.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatu du Topa! sagardo eguna, eta Goierrik sagardoaren sektorean duen garrantzia nabarmendu du: “Goierriko sagardogileek presentzia nabarmena dute sektorean, hauek dira egun produktuaren berrikuntza eta esperimentazio atalean lan handia egiten ari diren sagardogileak”.
Sagardo Egunak edaria dastatzeko aukera ez ezik, sagardoaren inguruko mundua ezagutzeko parada ere eskainiko duela aurreratu dute antolatzaileek. Jakinarazi dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak 50 kide dituela gaur egun, eta 192 produktu baino gehiago ekoizten dituztela guztien artean. Sagardo naturalaz gain, apardunak, ekologikoak, kriantzak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturalak eta alkoholik gabekoak dituzte eskaintzan, besteen artean.

Sagardogileak Ordiziako Sagardo Egunari hasiera ematen.Iñaki Gurrutxaga













