Ion Izagirrek Marco Pantani memoriala irabazi du
Lau laguneko ihesaldian azkarrena izan da esprintean Ormaiztegiko txirrindularia. Aurtengo bigarren garaipena du, eta bere kirol ibilbideko hogeigarrena.
Ion Izagirre Marco Pantani Memorialeko helmugan garaile sartzen, gaur arratsaldean, Cesenaticon. Hitza Erretiroa hartzear da Ion Izagirre ziklista (Cofidis), baina sasoi onean dago oraindik, beste behin erakutsi duenez. Hark irabazi du Marco Pantani Oroimenezkoa, Italian, lau laguneko ihesaldian esprintean nagusituta —hogeigarren garaipena du profesionaletan—. Haren atzetik sailkatu dira Giulio Pellizzari (Red Bull) eta Mikkel Frolich Honore (Education First).
Gaur jokatuko da Marco Pantani Memorialaren 23. edizioa, Riccione eta Cesenatico artean (191,6 kilometro eta 2.631 metroko desnibel positiboa).
Amaiera estua izan du lasterketak. Izagirre, Pellizzari, Honore eta Michael Storer (Tudor) elkarrekin iritsi dira azken kilometro erabakigarrietara, eta orduan hasi da eraso festa.
Bost kilometroren faltan, erritmoa bizitu du Storerrek, eta lasterketa hausten saiatu da, baina ez du lortu. Honorek egin du saiakera gero, baina ondo eutsi diote aurkariek. Eta Pellizzarik egin du azken ahalegina. Hori ere ezerezean utzi dute, eta, azkenean, esprintean erabaki da. Izagirrek jo du azken esprinta, eta aurkariek ez dute lortu hura harrapatzea.
Profesionaletan hogeigarren garaipena lortu du ormaiztegiarrak, aurtengo bigarrena. Apirilean Lizarrako Sari Nagusia irabazi zuen.
Ibilbide oparoa ari da osatzen, eta hainbat lorpen ditu nabarmentzekoak: Euskal Herriko Itzulia 2019an, bi etapa Frantziako Tourrean —2016an eta 2023an—, etapa bat Italiako Giroan —2012an—, eta etapa bat Espainiako Vueltan —2020an—.













