Egearen errekorra hautsita Ibai Larreak irabazi du Axari Trail Idiazabalen
Antzuolako korrikalari gazteak ia bi minutuan hobetu du Aritz Egea urretxuarrak 2014an ezarritako marka. Emakumezkoetan, Onditz Iturbek irabazi du lasterketa luzea. Motzean, Josu Urrestarazu idiazabaldarrarentzat eta Intza Urrestarazu ordiziarrarentzat izan dira garaipenak.
Ibai Larrea gaur goizean, Idiazabalen, Axari Trail lasterketa luzea irabazi berritan. Josune Zarandona Litekeena zelaren zurrumurruak baziren, eta azkenean, errekorraren urtea izan da Axari Trail lasterketaren 13. edizio hau. Ibai Larrea 23 urteko gazte antzuolarrak ikaragarrizko lasterketa egin du eta Aritz Egea urretxuarrak 2014an ezarri zuen marka —1:58:22— goitik hautsi du 1:56:47ko denborarekin. Bigarren helmugaratu da Ander Iñarra lezoarra 7 minutu eta 8 segundoko aldearekin, (2:03:55) eta atzetik, Aner Arozena zumarragarra 2:11:43ko denborarekin. Gontzal Murgoitio iazko irabazleak ere hartu du parte lasterketan, baina Etzegaraten erretiratu egin da, eta hor bukatu da beretzat lasterketa.

Ander Iñarra (2), Ibai Larrea (1) eta Aner Arozena (3) gaur eguerdian Idiazabalen.
“Egun ona eduki dut, hasieran pultsua baxu mantentzen saiatu naiz neure karrera eginez denbora denean. Zazpigarren kilometrotik aurrera erritmoa aldatzea pentsatu dut. Apustua egin du eta ondo atera zait, erritmoari eusteko gai izan naiz”, zioen Larreak helmugaratu berritan. Ez da errekorra hausteko helburuarekin joan Idiazabalera, baina azkenean marka guztiak hautsi ditu: “Buruan beti dago errekorraren gaia. Lasterketan aurrera egin ahala joan naiz konturatzen agian gai nintzela marka hausteko”. Etzegarate gainera ordu bete eta hamabi minutuko denboran iritsi da —azken urteetako denbora onena— eta hor ia, antzeman zitekeen errekor berriaren egilea izan zitekeela; “Etzegaratetik aurrera nire buruarekin izan da borroka, eta eustea lortu dut. Jendeak ere asko animatu du eta horrek ere asko laguntzen du. Hasieran tenperatura ona zegoen, behin kilometro batzuk eginda beroan igartzen hasten da, gorputzak azkar berotzen dira baina ondo, gaur egun ona zen errekorrerako”, amaitu du.
Emakumezkoen lasterketa luzea
Axari Trail lasterketa luzeko garaipena Igorreko Onditz Iturberentzat izan da emakumezkoetan 2:34:06 denborarekin. Adirane Peñagarikano urretxuarra iritsi da bigarren postuan (2:38:43) eta hirugarren, Irati Larrañaga usurbildarra (2:41:16). Errekorra haustetik urruti geratu dira emakumezkoak eta markak Maite Maiorarena izaten jarraitzen du; 2:19:20ko denboran ezarri zuen 2015ean.

Adirane Peñagarikano (2), Onditz Iturbe (1) eta Irati Larrañaga (3).
Goierritarrak nagusi motzean
Josu Urrestarazu idiazabaldarra Axari Trail lasterketa motzeko errekorra haustetik gertu ibili bada ere, 1:12:24ko denbora eginda iritsi da helmugara. Atzetik, minutu pasatxoko ezberdintasunarekin bigarren postuan sartu da Azeddine Elhamidi zegamarra (1:13:38) eta hirugarren Altzako Andoni Uzkiana (1:13:44).
“Elhamidi eta Uzkiano atzetik gertu nituen eta estutu beharra izan dut, horrek eramaten zaitu agonia puntu horretan joatea helmugaraino. Nire bertsio onena ematea zen asmoa eta zer hobe, herrian garaipena bat oparitzea nire buruari. Ibilbidea ezagutzeak asko laguntzen du, horrek estrategia ontzeko aukera gehiago ematen ditu”, adierazi du Urrestarazuk Idiazabalgo helmugan.

Azeddine Elhamidi (2), JOsu Urrestarazu (1) eta Andoni Uzkiana (3).
Lasterketa motzeko podiuma goierritarra izan da emakumezkoetan. Intza Urrestarazu ordiziarrak irabazi du lasterketa 1:33:31an helmugaratuta. Atzetik, estu-estu, iritsi da Ariadna Somoza zumarragarra (1:33:57) eta hirugarrena izan da Ainhoa Goikoetxea lazkaotarra (1:36:49).
“Hasieran gustura, eguzkia atera denean pixka bat sufritu dut. Guztiarekin, oso lasterketa polita izan da; ibilbidea lehorra zegoen eta nik lokatz pixka bat gehiago eskertuko nuen aldapetan”, Urrestarazu ordiziarraren hitzak ziren horiek lasterketa burututa. Ez du baztertu aurrerago lasterketa luzea ere probatzea, baina momentuz laburrarekin geratuko dela esan du.

Ainhoa Goikoetxea (3), Intza Urrestarazu (1) eta Ariadna Somoza (2).
Guztira 552 lasterkarik hartu dute parte gaurko Axari Trail lasterketan. Horietatik 348k lasterketa laburra korritu dute eta gainontzeko 204k luzea. Emakumezkoak 105 izan dira guztira, 75 laburrean eta 30 luzean. Parte hartu duten korrikalari idiazabaldarrak 125 inguru izan dira. Behin lasterketa amaitu eta sari banaketa ekitaldia eginda, Igarondo pilotalekuan 800 lagunentzako bazkaria egingo dute lasterketa festa giroan amaitzeko.
- Ibai Larrea gaur goizean, Idiazabalen, Axari Trail lasterketa luzea irabazi berritan.
ARGAZKI GALERIA: Lasterketaren hasiera.
ARGAZKI GALERIA: Hasierako kilometroak.























































































































