Apotako ehiza postuak izan dira ordainduenak
Partzuergoko 45 ehiza posturen enkante publikoa egin dute asteburuan Seguran. 15.000 eurotik gora ordaindu dituzte Apotako 8. postuagatik.
Gipuzkoa eta Arabako ehiza postuen enkante publikoa, larunbatean Segurako udaletxe aurrean. Hitza Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko ehiza postuen enkantea egin dute asteburuan Seguran. Agiñaran, Alkain, Apota, Aratz, Artabarrate, Garagartza, Iturgain, Larrebil, Leotaran, Letain, Peazulueta, Txabolatxo eta Ultzamako 45 postu atera dituzte enkantera. Apotako 8. postua izan da garestiena, 15.555 euro ordainduta. Apotakoa postuak izan dira aurtengo enkantean estimatuenak 6. postua izan da bigarren garestiena, 11.426 euroan eta hirugarren garestiena izan ez bada ere, 10. postuagatik ere 10.500 euro ordaindu dituzte.
Apotakoekin batera, Agiñarangoak izan ohi dira ehiztarien artean gustukoenak. Beste urte batzuetan diru gehien bertako 0 postuagatik ordaindu bada ere, aurten hirugarren garestiena izan da, 10.168 euroan. Gutxien ordaindu den postua, alde handiarekin gainera, Letaingo 4.ena izan da, 40 eurorekin.
Guztira 45 postu atera ziren enkantera eta horietatik 12 esleitu gabe geratu dira. Orotora, 136.477,08 euro jasoko ditu partzuergoak egokitu diren ehiza postu guztiengatik.
Partzoneriaren jabetzako postuak
Partzoneriak pasean doazen hegaztien ehizerako 92 postu ditu jabetzan; horietatik erdia, gutxi gorabehera, partzoneria osatzen duten herrien artean —Idiazabal, Segura, Zerain, Zegama eta Arabako Donemiliaga eta Azparrena— zozketatzen dira, 47 postu orotara. Herri bakoitzari partzonerian duen portzentaiaren arabera egokitzen zaizkio postuak. Kasu honetan, gehiena Segurak dauka eta gutxiena Zerainek. Irailaren 4an egin zuten partzoneria osatzen duten herrien artean ehiza postuen zozketa. Beste erdiak enkante publikora ateratzen dituzte, pasa den larunbatean bezala.















