'Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen?' proiektua asteazkenean aurkeztuko dute
Herritarren, elkarteen eta eragileen inplikazioa eta parte hartze aktiboa eskatu dituzte, "herri zaintzaileago bat diseinatzeko".
Bi herritar Beasaingo Oriamendi kalean.Laida Goiburu Ekainean zen aurkeztekoa, baina muturreko beroaldia dela-eta ekitaldia atzeratu ondoren, asteazkenean (irailak 16) aurkeztuko dute Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Matia Institutuak Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen? proiektua. Igartzako jauregian izango da, 17:00etatik 18:30era.
Zaintzaren erronkez hitz egiteko hitzordua da. “Herriak dituen berezitasunetatik eta bere izaera propiotik abiatuta, zaintza herritar guztien eskubide bilakatzeko konpromisoa” hartu duela azaldu du udalak, baina gizarte osora zabaldu nahi du proiektua: “Ekimen honek argi utzi nahi du erronka ez dela udalarena soilik; zaintza-eredu berria guztiona eta guztiontzat da”. Horretarako, herritarren, elkarteen eta eragileen inplikazioa eta parte hartze aktiboa eskatu dituzte, “herri zaintzaileago bat diseinatzeko”.
Aurkezpena modu dinamikoan eta herritarrekin zuzeneko harremana izateko planteatu dute. Leire Artola alkateak irekiko du ekitaldia, proiektua azalduta. Ondoren, Matia Institutuko adituek proiektuaren gakoak, esparru teorikoa eta lan-lerro nagusiak azalduko dituzte.
Galderak eta kezkak azaltzeko tartea irekiko dute gero, eta dinamika parte hartzaileari ekingo zaio. “Bertaratutakoek hitza hartu eta Beasain nola zaindu nahi dugun pentsatzeko lehen ariketa kolektiboa egingo da”. Amaitzeko, giro lasaiago batean elkarrizketan jarraitzeko eta ideiak partekatzeko aukera izango da.
Euskaraz eta gaztelaniaz egingo dute aurkezpena. Irekia da, ez da izenik eman behar.













