ParteCar-en hobariak martxan jarri ditu berriz ere udalak
Beasaingo 457 erabiltzaile daude erregistratuta aplikazioan eta 657.000 kilometro partekatu dira 16.500 desplazamendutan.
Tribbu aplikazioko irudi bat.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak ParteCar ekimenean hobariak jarri ditu martxan berriz ere, azaldu duenez “garraio eredu inklusibo, irisgarri eta ekologikoago bat” sustatzeko.
Beasainen jatorria edo helmuga duten bidaietako gidariek zein bidaiariek deskontuak lortu ahal izango dituzte. Ibilbide bakoitzaren zenbatekoaren %50eko hobaria aplikatuko da, gehienez 2 euroko mugarekin ibilbide eta bidaiari bakoitzeko.
Horretarako, erabiltzaileek Tribbu aplikazioa instalatu behar dute, eta erregistratu ostean BEASAIN22 kodea sartu.
Udalak emandako datuen arabera, gaur egun Beasaingo 457 erabiltzaile daude erregistratuta aplikazioan eta 657.000 kilometro partekatu dira 16.500 desplazamendutan. “Horri esker, eguratsera 97.000 kg CO2 eta 314.000 kg NOx isurtzea eragotzi da, eta herritarrek 60.000 euro aurreztu dituzte erregaian”, azaldu du udalak.













