Aitziber Garmendia zaldibiarrak Distira saria jasoko du
Aktorearen eta umoregilearen "talentua, konpromisoa eta xarma ezabaezina" txalotzeko emango dio saria Euskal Aktoreen Batasunak.
Aitziber Garmendia aktore zaldibiarra.Asier Corera Euskal Aktoreen Batasunak Aitziber Garmendia zaldibiarrari emango dio Distira saria. Sari hori euskal aktoreen lana bultzatzeko eta aitortzeko sortu zuen. Hala, zaldibiarraren ibilbide interpretatibo “sendo eta moldakorra” txalotuko du erakundeak, haren “zorroztasun, talentu eta interpretazioarekiko konpromisoarekin” batera. Hurrengo asteartean, Donostiako Zinemaldian emango diote saria Garmendiari.
Agiri baten bidez, Garmendiaren azken urteko jarduna hartu dute hizpide sari emaileek: “Euskal lurraldean eta kanpoan oihartzun handia izan duten ekoizpenetan parte hartu du, bere presentzia eta talentua zabalduz eta interpretazio bilakaera etengabea erakutsiz”. Horri lotuta, aurten egin dituen lanak nabarmendu dituzte: “Laster estreinatuko diren hainbat ekoizpenetan parte hartu du, horrek berresten du bere ibilbideko une garrantzitsuan dagoela”.
Azken lanetako bat ‘Superra’ izan da. Laster izango da Primeranen EITBren plataforma digitalean ikusgai. Anjel Alkain eta Iker Galartza izango dira zaldibiarrarekin telesail berri horretan, beste batzuen artean.













