Doako bizikleta-berrikusketak eta escape rooma eskainiko ditu aldundiak Ordizian eta Beasainen, hilaren 23an
Egun horretan bizikletak oinarrizko mailan konpontzeko zerbitzua erabiltzen dutenek zein 'Misterioa Topo Express-ean' escape rooma amaitzea lortzen dutenek bi bizikletaren zozketan eta MUGI txartelaren 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan parte hartu ahal izango dute.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Azahara Dominguez Mudikortasuneko diputatua eta Leire Artola Beasaingo alkatea Ordiziako plazan, ekimena aurkezten. Aldundia Europako Mugikortasun Astearen barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Jarri prest zure bizikleta MUGIrekin ekimena jarri du martxan aurten ere. Doako bizikleta-berrikusketak eta escape rooma eskainiko ditu Ordizian eta Beasainen irailaren 23an.
Bizikletak oinarrizko mailan konpontzeko zerbitzua eskainiko dute furgoneta baten bidez MUGI txartela aurkezten duten pertsona guztientzat.
10:30etik 14:00etara Beasaingo Erauskin plazan jarriko dute furgonetan, eta 16:00etatik 20:00etara Ordiziako Plaza Nagusian. Gerturatzen diren pertsonek bi bizikletaren zozketan eta MUGI txartelaren 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan parte hartu ahal izango dute.
Azahara Dominguez diputatuak azaldu duenez, herritar guztiei zuzenduta badago ere, arreta berezia jarriko dute belaunaldi gazteengan, ohituretan eragiteko: “Txikitatik hartzen ditugun mugikortasun ohiturek garrantzi handia dutelako gizarte gisa gure etorkizuna eraikitzeko orduan”.
Aurtengo edizioaren berritasun nagusia Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak prestatutako Misterioa Topo Express-ean jarduera da, escape rooma, alegia. 45 eta 60 minutu arteko iraupena du eta zehaztu dutenez “modu ludiko eta oso entretenigarrian garraio publikoaren garrantziaz, MUGI sistemaren abantailez eta balioez sentsibilizatzea eta gazteen mugikortasun autonomoagoa sustatzea ahalbidetzen du”.
Jolasa amaitzea lortzen dutenak ere bi bizikletaren zozketan eta MUGI txartelaren 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan sartuko dira.
Bide berdea eta bidegorri sarea
Mugikortasun jasangarriago baten alde egitea “gizarte-justiziaren eta aukera berdintasunaren kontua ere” badela aldarrikatu du Dominguezek: “Garraio publikoak eta oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriek aukera ematen diete pertsonei autonomia handiagoz mugitzeko, ibilgailu pribatu bat izatearen edo beste pertsona batek garraiatu ahal izatearen mende egon beharrik gabe”.
Leire Artola Beasaingo alkatearen esanetan, Beasaingo Udalaren “helburu eta ardatz nagusietako bat” da mugikortasun jasangarria, eta hori indartzeko inbertsioak aipatu ditu: “Une honetan eraikitzen ari gara Olaberriarekin lotuko den bide berde berria, oinez zein bizikletaz erabilgarri egongo dena”.
Bide beretik, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak esan du Ordiziak bizikletaren erabilera sustatzea duela helburu, eta bidegorri sarea izan du hizpide: “Horren adierazle da azken urteotan bidegorri sarea handitzeko eta mugakide ditugun udalerriekin lotzeko egin dugun lana. Tximista eta San Joan zubiak lotu dituen azken handitzearekin, guztira, 4.532 metroko bidegorri sarea dugu gaur egun, eta bidegorri sarea Tolosaraino heltzen den bidegorriarekin batu da. Hurrengo lotura Ordizia eta Beasain artekoa izango da, isolatuta zegoen Ordiziako sarea Goierriko eskualdekoan guztiz txertatzeko”.
Bi alkateek herritarrak deitu dituzte Mugikortasun Asteko ekimenean parte hartzera.













