Lazkao Txikik 100 urte beteko lituzke gaur
Omenaldi-kantaldia eskainiko diote, 18:00etan, Lazkao Txiki zelaiko harrizko irudiaren ondoan.
Lazkao Txikiren omenez antolatutako ekitaldi baten artxiboko irudia. Hitza Bertsoz blaitutako iraila izaten ari da Lazkaon, eta ez da gutxiagorako, Lazkao Txikiren jaiotzaren mendeurrena ospatzen ari baitira. Bertsolari lazkaotarrak eskualdean utzitako arrastoari erreparatuta, haren omenezko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Lazkaon ez ezik, Goierriko beste herritan ere.
Xabier Amurizaren Lazkao Txiki. Bat-bateko sorgina kantu-emanaldi bereziarekin hasi zuten egitaraua. Lazkao Txikiren bertsoen bilduma taularatu zuen Amurizak, gai ezberdinen arabera sailkatuta eta pieza bakoitzari dagokion testuingurua eskainita.
Mendeurreneko eguna, gaur
Gaur izango du mendeurreneko egitarauak hitzordu nagusietako bat. 1926ko irailaren 15ean jaio zen Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki, eta, mendeurrenaren harira, omenaldi-kantaldia antolatu du Lazkaoko Udalak gaur arratsalderako, herriko hainbat eragileren parte-hartzearekin.
Lazkao Txikiren harrizko irudiaren inguruan elkartuko dira herritarrak, 18:00etan. Ekitaldian, lore sorta eskainiko diote bertsolariari, eta Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak ere hitz batzuk egingo ditu, Lazkao Txikiren bizitza eta ibilbidea ez ezik, euskal kulturari egindako ekarpena ere gogora ekartzeko.
Udalaren ordezkaritzaz gain, herriko hainbat eragilek ere hartuko dute parte. Oin Ariko dantzariek eta Bertso Eskolako ikasleek dantza eta bertsoak eskainiko dituzte, Lazkao Txikiren memoria eta ondarea belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzeko egindako ekarpena erakutsiz.
Agirre anaiekin bertso afaria Gerrikon
Gaurko omenaldi-kantalditik beste omenaldi-kantaldi batera salto egingo dute lazkaotarrek ostiralean. Oraingo honetan, Gerriko Txokoan izango da, Unai eta Eñaut Agirre bertsolari hernaniarrek egingo duten kantu afariarekin, 20:00etan hasita.
Bertso zahar eta berriak kantatuko dituzte, Lazkao Txiki gogora ekarrita. Helduek 25 euro ordaindu beharko dituzte, eta 18 urte artekoek zein langabetuek, berriz, 15 euro. Lazkaoko Udalak, Goierriko Bertsozale Elkarteak eta Gerriko Kultur Elkarteak elkarlanean antolatu dute.













