‘Sukaldatu Goierri’ bigarren edizioko prestakuntza martxan da
Astelehenetik ostiralera, Goierri Eskolan izango da. Lehen mailako Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratzeko aukera ematen duen prestakuntza berezia da.
Iazko formakuntza saioko ikasle batzuk, Goierri Eskolako sukaldean. Goieki Prestakuntza eskaintzea, gaitasunak indartzea eta lanerako lehen esperientziak uztartzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin Lanean programak, eta ildo horretan jarraitzen du Goierrin ere. Joan den astean, programaren inguruko bi informazio saio egin zituzten Goiekin, eta 25 lagunek parte hartu zuten planteaturiko dinamiketan, prestakuntza eta enplegurako aukeren berri jasotzeko.
Parte hartzaileek, hala, programaren eskaintza, sarbide prozesua eta eskura dituzten baliabideak ezagutu ondotik, sarbide probak egiteko aukera izan zuten, norberaren prestakuntza maila eta proposatutako ibilbideetarako egokitasuna baloratzeko. Hura gainditu dutenek, hala, Sukaldatu Goierri ibilbidearen bigarren edizioan parte-hartuko dute aurrerantzean; atzo hasi zuten ostalaritzaren sektorera bideratutako prestakuntza, eta astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:30era, Goierri Eskolako instalakuntzetan eramango da aurrera.
Ziurtagiria lortzeko bidea
Sukaldatu Goierri lehenengo mailako Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratzeko aukera ematen duen prestakuntza berezia da. Eduki teorikoak eta praktikoak lantzeaz gain, EDE Fundazioarekin elkarlanean zeharkako gaitasunak ere landuko dituzte, eta elikagaien manipulatzailearen ziurtagiria lortzeko prestakuntza jasoko dute. Gainera, ibilbidearen barruan eskualdeko ostalaritza establezimenduetan praktikak egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Ibilbidea Goiturrekin elkarlanean diseinatu dute, eta prestakuntza Iban Mate sukaldariak emango du.













