Zuhaizti gizarte etxeko ikastaroetan izena eman daiteke
Urriaren 1ean abiatuko dituzte, Adinekoen Nazioarteko Egunean. Euskara ikastaroa eskainiko dute lehen aldiz, AEKrekin elkarlanean.
Gaur goizeko aurkezpeneko irudi bat. Izaro Villarreal Ordiziako Udalak eta Ordiziako erretiratuen eta pentsiodunen Zuhaizti elkarteak ikasturte berrirako Aktibatu zaitez! programaren berri eman dute gaur goizean. Denera, 15 ikastaro baino gehiago antolatu dituzte eta urriaren 1ean hasiko dira, Adinekoen Nazioarteko Egunean. Helburua da 60 urtetik gorako herritarren artean zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea, bai eta horretarako jarduera fisikoa, ongizatea, harreman sozialak, autonomia eta parte-hartzea bultzatzea.
Jon Ander Caballero zinegotziak azpimarratu du adinean aurrera egin ahala «funtsezkoa» dela aktibo mantentzea, eta bide horretan, Zuhaiztiko programak «aukera zabala» eskaintzen duela. Izan ere, proposamen kulturalak, sozialak, prestakuntzakoak eta jarduera fisikokoak uztartzen ditu, autokudeaketan eta erabiltzaileen partaidetzan oinarritutako elkarte-eredu batetik abiatuta.
Raquel Bravo Zuhaiztiko zuzendariordeak eman du aurtengo ikastaroen berri, eta besteen artean, gimnasia lasaia, pilatesa, erlaxazioa, areto dantzak, abesbatza, eskulanak, adimena lantzeko jarduerak, xakea, irakurketa, informatika, autonomia tailerra, asteroko ibilaldiak eta askoz ikastaro gehiago jarriko dituzte herritarren eskura.
Euskara ikastaroa ere bai
Berritasunen bat edo beste ere izango dute aurtengoan: euskararen hastapeneko ikastaro bat, zero mailakoa eskainiko da, AEKrekin eta Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean. Helburua da euskararekin lehen harremana izan nahi duten pertsonentzako aukera erraztu eta gertukoa eskaintzea.
Ikastaroetan parte hartu nahi duenak, Zuhaiztiko bulegoan aurrez izena eman beharko du asteazken eta ostegunetan, 10:30etatik 12:30era bitartean.
Elkarlanean egina
Programak, gainera, udalerriko beste eragile eta ekimen batzuekin elkarlanean jarduten du, hala nola AEK, Majori eta La Caixa Fundazioarekin, baita udalaren beste zenbait programekin ere, tartean Goazen Ordizia.
IKASTAROAK
Kultur ekintzak eta jarduera fisikoa:
- Nordik Walking: Urriaren 2an, 9:30.
- Jarduera fisiko lasaia: Astearte eta ostegunetan, 16:00-16:45.
- Adimena lantzen: Astelehenetan, 15:30-17:00.
- Pilates: Astelehenetan eta asteazkenetan, 10:15-11:05.
- Euskara eskola (berria):
- Sakontze taldea: Asteazkena eta ostiraletan, 15:30.
- Hasiera maila: Astearte eta ostegunetan, arratsaldez.
- Erlaxazioa-Yoga: Astelehena eta ostiraletan, 16:00-17:00 edo astearte eta ostegunetan, 10:15-11:15.
- Abesbatza: Astearteetan, 10:30.
- Eskulan tailerra: Ostegunetan, 17:30.
- Areto dantzak:
- Hasiera maila: Astelehenetan, 18:00.
- Sakontze maila: Asteazkenetan, 18:00-19:30.
- Ibilaldiak: Astero.
- Txangoak eta kultur ekitaldiak.
- Xake tailerra.
- Bingo jokoa.
- Antzerki saioak.
- Dantzaldiak, jaialdiak.
- Sukaldaritza osasungarria ikastaroa (antolatzeko).
Gente 3.0 programa:
Informatika eta Komunikazioa: Teknologia berrien egunerokotasunean aplikatzeko oinarrizko tresnak eta aurreratuak eskaintzen dira. Formazio ibilbide jarraia.
- IKT jarduerak: Astelehena eta asteazkenetan, 14:45-17:25.
- Egin izapideak internet bidez: Urriaren 5etik azalroaren 2ra.
- Prestatu zure irteera: Azaroaren 4tik 30era.
- Bideokonferentzia: Abenduaren 2tik 16ra.
Osasuna eta ongizatea:
- Autonomia tailerra: Astearteetan, 17:30-19:00. (Hasiera: urriak 6).
- Lagunen arteko irakurketa tailerra: Astelehenetan, 17:30-18:30. (Hasiera: urriak 5)













