Beasaingo Garagardo Festa bihartik larunbatera, eskaintza zabalarekin
18:00etan izango da inaugurazioa, eta hiru egunez, ordu horretatik aurrera, garagardoa eta garagardotegiko menu tipikoa izango dira festaren protagonistak. Garagardotegiko bi lagunentzako menu tipikoa dastatu ahal izango da.
2025eko Beasaingo Garagardo Festako irudia.Ariane Vierbücher Goierriko Etxerat Elkarteak antolatuta, Beasaingo Garagardo Festa iritsi da aurten ere. Beasaingo plaza azpia garagardotegi handi bat bihurtuko da bihar hasi eta larunbatera bitartean. Bihar 18:00etan izango da inaugurazioa, eta hiru egunez, ordu horretatik aurrera, garagardoa eta garagardotegiko menu tipikoa izango dira festaren protagonistak. 400 lagunentzako mahaiak eta eserlekuak prestatuko dituzte. Urtero bezala, kalitate handiko garagardo eskaintza zabala izango dute, Euskal Herrikoa zein nazioartekoa.
Kañeroetatik 25 garagardo dastatu ahal izango dira. Euskal Herrian ekoitzita eta Beasaingo Garagardo Festarako espresuki prestatuta, Etxera izeneko lau artisau garagardo izango dira aukeran: Pils, Helles, Sendoa eta Beltza. Beste 21 garagardoak nazioartetik ekarritakoak izango dira: Bavariatik sei, Flandriatik lau, Walloniatik, Txekiatik eta Alemaniatik hiruna eta Irlandatik bi. Beste hamar mota litro erdiko botilatan zerbitzatuko dira, tartean alkoholik gabekoa eta glutenik gabekoa.
Garagardo horiei dagokienez, Pilsner, Marzen, Helles Muchner, Lagger Hell, Abadiakoak, Belgian Tripel, Belgian Blond Ale eta Indian Pale Ale izango dira eskaintzaren barruan; gari-garagardoen artean, berriz, Weissbier eta Weizenbock; garagardo txigortuei dagokienez, Landbier, Abadia Dubbel, Sterke Bier eta Rauchbier; eta ilunen artean Doppelbock eta Irish Stout. Azken horien artean «ezusteko batzuk ere» izango direla iragarri du antolakuntzak.
Horrez gain, garagardotegiko bi lagunentzako menu tipikoa dastatu ahal izango da: ukondoa labean, Bratwurst eta Euskal Herriko Earra saltxitxak plantxan patata purearekin, bi brownie eta edateko bi garagardo sartzen dira, 32 euroan. Afari arinagoa nahi dutenentzat, arrazioak ere izango dituzte salgai: saltxitxak, hanburgesa patatekin edo solomo ogitartekoak. Pitxarra 3 euroan salduko dute.

Elkartasuna beharrizanak asetzeko
Presoen kopurua eta egoera jakinarazteko, 110 preso eta erbesteratu, 110 topa elkartasunezko zozketa antolatu du Goierriko Etxeratek garagardo festarekin batera. 110 garagardoko saria zozkatuko dute. Tiketak Beasaingo Herri Dendan eta Beasaingo Arranon eskura daitezke.
Espetxeratu eta deserrian zein deportazioan 110 pertsona daudela ekarri dute gogora ekimenarekin. «Espainiar gobernuak bake prozesua egoki itxi ez izanaren ondorioz, kartzeletan eta deserrian daudenek, bertako edo europar erakundeen diru laguntzak jasotzeko aukerarik ez dute, eta, horrenbestez, herri-elkartasuna da euren sostengu bakarra», aldarrikatu du elkarteak.
Etxeratek emandako datuen arabera, presoen kopurua 94era jaitsi da eta errefuxiatuen kopurua hamabostera: «Joan den urtean baino hemezortzi lagun gutxiago daude espetxean». Bigarren graduan daudenen kopurua 30 kidera jaitsi da, eta bigarren graduko 100.2an, astelehenetik ostiralera zenbait orduz kalean dauden presoak, 21 dira. Hirugarren graduan daudenak, lo egitera espetxera itzultzen direnak, hamar dira, eta hirugarren graduko 86.4 edo eskumuturreko telematikoaz etxean kontrolpean daudenak 33. Azkenik, baldintzapeko askatasuna dutenak 36 dira.
Preso kopurua murriztu eta sakabanaketa eta urruntze-politika amaitu bada ere, «beharrizanek oraindik dirautela» azaldu du Etxeratek: «Barruan edo erbestean dauden kideei laguntzeko, eta baita kartzelatik irteten edo erbestetik bueltatzen direnei ere, egundoko diru-baliabideak exijitzen ditu egoerak, eta, oraindik orain, elkartasunak berebiziko garrantzia du. Horregatik Beasaingo Garagardo Festa bezalako ekimenak antolatzen ditu Goierriko Etxerat Elkarteak».












