Goierrin Beterrin baino sagar gehiago
Iazko urtearekin alderatuta, uzta nabarmen txikiagoa da aurten eta 1,5 miloi kilo Euskal Sagar biltzea espero du Kontseilu arautzaileak. Sagar ale txikiagoa da aurten eta izaera handiko sagardoak espero diru elkarteak.
Euskal Sagarrak Goierriko sagasti batean. Iñaki Gurrutxaga Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagasti gehienetan eta datozen egunetan hasiko da gainerako sagastietan. Iazko urtearekin alderatuta, uzta nabarmen txikiagoa da aurten eta 1,5 miloi kilo Euskal Sagar biltzea aurreikusten du Kontseilu arautzaileak. Heldutasunari dagokionean, iaz baino azukre gehixeago dakar sagarrak, ur gutxiago eta bero handiagoa izan duelako nagusiki.
“Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastietan oso desberdin dator sagarra beraz aurten, eta gehiena Gipuzkoako Goierrin eta Arabako leku batzuetan da”, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Villabonako Otalarrea Sagasti esperimentalean egin duen agerraldian. Sagarrik gehien eskuz bilduko da sagastietan, orografiak eta klimak horretara bideratzen baitu bilketa gehienean. Gehienak arbolak astindu eta lurretik, baina badira eskuz sagarrondotik biltzen hasi direnak ere, eta horrez gain, hemengo sagastietara egokitutako sagar biltzeko makinak ere badira. Uztak orekatzeaz gain, sagar biltzeko modu berriak eta egokituak bilatzea izango da sektorearen helburu nagusietako bat datozen urteetan. Iazkoarekin alderatuta, sagar ale txikiagoa da aurten eta izaera handiko sagardoak espero behar dira.

Amasa-Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean egin dute aurtengo uztaren aurkezpena.Euskal Sagardo Jatorri Deitura
Otalarrea Sagasti esperimentala Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagastia da eta bertan egiten dira azken urteetako esperimentazioetako asko. Kontseilu Arautzaileak ikerketa hauek beste herrialdetako sagasti esperimentaletara zabaldu nahi ditu eta baita sagasti pribatuetara ere. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko azterketa proiektuen berri eman dute sektoreko ordezkariek –Zeraingo Oiharteko Maite Retolaza sagar eta sagardogile eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako lehendakariak, besteak beste– eta beren apustuen berri eman dute Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko arduradunek.
Bi urtean behin emateko joera
Bertako sagarrak badu ezaugarri bat, bi urtean behin gehiago emateko joera duela. Hori orekatzea da sagastiko proiektuen helburu nagusietako bat, Aitor Etxandia sagar teknikariak adierazi duenez. Sektoreak dituen proiektu nagusietako batzuk ere azaldu ditu:
-
Bakanketa. Asko den urtean lorea edo sagarra kentzea, sagarrondoek urtero uzta orekatuagoak eman ditzaten. Zenbait sagastitan egin diren frogek emaitzak eman dituzte eta hemendik aurrerako helburua izango da, sagasti kopuru altu batean egitea esperimentazioa, emaitza garbiak izateko.
-
Geneva txertakak. Txertaka berri hauen gainean Euskal Sagarrak txertatu eta euskal lurretan zer emaitza ematen duten ikusteko proiektua da. Dagoeneko hainbat Genevaren gainean txertatutako sagar landareak badaude Otalarrea Sagasti esperimentalean.
-
Lurraren egoera eta garrantzia.
-
Ekoizpena. Gaur egungo sagar ekoizpenak handitzeko saiakera eta horretarako egoera aztertu eta neurriak hartzea.
Bertako sagarraren ekoizpena handitzea helburu
Euskal Sagardoaren barruan 500 hektarea sagasti inguru daude izen emanda. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegiek hartzen dute, gehiena berek ekoiztua eta gainerakoa inguruko sagargileei erosia, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 166 hektarea dira produkzioan sartu berriak edo datozen urteetan produkzioan sartuko direnak.
Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, “sagasti berriak jartzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera jarraitzen” du sektorearen, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta sagargintza profesionalizatzen jarraitzea ere bada helburua, kalitatezko uzta orekatuak lortzeko bidean.

Lehen muztioa dastatzen, aurkezpenean.Euskal Sagardo Jatorri Deitura
“Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardoa proiektuak bultzatuta eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagastietan egiten den bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia. Hala ere, urte asko dituzten sagasti txikietan bada arazo bat, belaunaldi-errelebo falta eta azken urteetan nabarmentzen ari da arazo hori: sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta dela, eta baserrietan lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dagoela. Gai horri ere heldu dio Jatorri Deiturak administrazioekin batean, etorkizunerako aukerak bilatu nahian”, nabarmendu dute gaurko agerraldian.
Sagar mota ezberdinak
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta gaziak (garratzak). “Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa”.
Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:
- Gaziak (garratzak): Errezila, Goikoetxe, Txalaka, Urtebi Handi, Frantzes sagarra, Bostkantoi, Haritza, Azpeiti sagarra, Manttoni eta Ibarra
- Gezak: Gezamina, Urdin, Mozoloa, Patzuloa, Mikatza, Udare marroi eta Txori sagarra.
- Gazi-gezak: Moko, Limoi, Merabi, Mokote, Urtebete, Urtebi txiki eta Saltxipi.
Sagardo Astea urrian Igartubeitin
Irailaren 27an Astigarragan egingo den Sagar Uzta jaiaren eta egun berean Irungo Ola sagardotegian egingo den 24. Sagar Egunaz gain, urriaren 9tik 19ra Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan egingo den 24. Sagardo Astearen berri eman dute aurkezpenean. “Baserriko sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra da”.
Programak kirikoketa erakustaldiak, bisita antzeztuak, muztio egin berriaren dastatzea eta abar luze bat biltzen ditu. Beharrezkoa da izena ematea, plaza mugatuak baitira. Erreserbak 943 72 29 78 telefonoan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus-en egin daitezke. Informazio gehiago www.igartubeitibaserria.eus webgunean.












