Adarra mendia igoz hasiko du denboraldia Izadi Zaleak elkarteak, igandean
Gaur eta osteguna da elkartean bertan izenak emateko eguna, 18:30etik 19:30era. Telefonoz eta posta elektronikoz ere apuntatu daiteke.
Izadi Zaleak mendi taldearen irteera bat, aurreko ikasturtean. Buruntzaldea inguruan hasiko du denboraldia Izadi Zaleak mendi elkarteak igande honetan, hilak 20. Hernanin hasi eta Oindi eta Adarra tontorrak igo ondoren, Andoainen bukatuko den 19 kilometroko ibilbidea da Legazpiko mendizaleek proposatu dutena.
Izena emateko: 943 73 11 68 zenbakira whatsapp mezu bat bidali daiteke, izadifederatuak@gmail.com helbidera idatzi edo gaur eta ostegunean elkartera joan, 18:30etik 19:30era.
Hurrengo irteerak
Urriaren 3 eta 4ko asteburuan izango da hurrengo irteera, Pirineotara. Tena bailaran zehar ibiliko dira bi egunetan zehar. Larunbatean, Anayet inguruan egingo dute mendi buelta, eta igandean Aspe inguruan. Irteera honetan plazak mugatuak dira, eta izena emateko azken eguna irailaren 24a izango da.
Familia irteerak, ordea, urriaren 11n hasiko dira Araba aldean, Legutiotik Otxarreta kobarako bidea eginez.













