Hamalau saltokik parte hartuko dute asteburuko stock eta kale azokan
Horietatik 10 saltoki herrigune historikoko eta inguruko kaleetako denden parean izango dira eta beste lauak Plaza Nagusian.
Hainbat saltokietako dendariak, kalean. Izaro Villarreal Bueltan da berriz ere Ordiziako stock eta kale azoka, eta modaz, osagarriz, baina batez ere prezio erakargarriez blaituko dituzte udalerriko kaleak asteburuan. Hamalau establezimenduk plazara eta kalera aterako dituzte euren produktuak. Horietatik 10 herrigune historikoko eta inguruko kaleetako denden aurrean egongo dira, eta beste lau Plaza Nagusian.
Helburua garbia da: herriko merkataritzari bultzada zein ikusgarritasuna ematea, beraien eskaintzak kalera ateratzea eta herritarrak udalerrian erosketak egitera bultzatzea. Ohiko aukera komertziala aurkeztuko dute dendariek, eta 50 euroko hiru erosketa txartel zozketatuko dira bertaratzen diren herritarren artean, stock eta kale azokaren parte diren establezimenduetan gastatu ahal izateko.
Ordiziako Udalak eta Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak elkarteak antolatzen dute azoka, Eusko Jaurlaritzako Turismo, merkataritza eta kontsumo sailaren laguntzarekin. Stock azoka Plaza Nagusian izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta kale azoka, berriz, parte hartuko duten denden kanpoaldean, herriko kale ezberdinetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Denetariko saltokiak
Gerturatzen direnek prezio eskuragarrian produktu ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta erosteko aukera izango dute, baita dagoeneko erakusleihoetan dauden udazkeneko produktuak ikusi eta eskuratzeko ere. Arropaz gain, optikak eta liburu dendak ere izango dira, eta antolatzaileek zein dendariek bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
SALTOKIAK
Hamalau saltokik parte hartuko dute, denera:
- Ecolur: CBDa eta zainketa pertsonala.
- Gofi Berri: Haur eta gaztetxoen moda.
- IMZ Designer Wear.
- Kixmi: Moda eta osagarriak.
- Mirentxu: Haur moda.
- Mujika liburu denda.
- Multiopticas: Optika.
- Ness by Esti Garcia: Emakumeentzako arropa eta osagarriak.
- Oskarbi: Oinetakoak.
- Porfirio Fernandez: Gizonentzako arropa eta osagarriak.
- Serendipity: Emakumeentzako arropa eta osagarriak.
- Uriba: Gizonentzako arropa eta osagarriak.
- Vicuña Confeccion: Emakume eta gizonentzako moda.
- Vicuña Sport: Kirol moda eta osagarriak.












