Ijitu futbol taldeko kideen pregoiarekin hasiko dira etzi Itsasondoko jaiak
Ijitoren jaitsieraren ondoren, aspaldiko lagunarteko jolasak berreskuratuko dituzte. Ostirala kuadrilla eguna da; eta larunbata, mozorro eguna.
Ijitu futbol taldeko kideak, Herri Txikietako Txapelketan.Hitza Itsasondok etzi emango die hasiera herriko jaiei, eta aurtengo egitarauak ohiko hitzorduak ez ezik, aspaldian baztertutako zenbait ekitaldi ere berreskuratuko ditu. Kuadrilla eguna izango dute abiapuntu, eta Ijitu futbol taldeko jokalariek hartuko dute festen hasierako protagonismoa: joan den ekainean Herri Txikietako Txapelketako B Kopa irabazi izanagatik eta aitortza modura, haiek izango dira aurtengo pregoilariak.
18:00etan udaletxeko balkoira igoko dira futbolariak, eta bertatik irakurriko dute jaietako pregoia. Ondoren, Ijitto jaitsiko dute balkoitik plazara, eta ekitaldi horrekin emango diete ofizialki hasiera festei.
Kuadrillen egun berritua
Lehen eguneko egitarauak izango du berritasun nagusietako bat. Iaz, 2011tik jokatu gabe zegoen Itsasondo eta Arama arteko futbol derbia berreskuratu zuten herriko zenbait gazteren ekimenez; aurten, berriz, urte luzez jaietako programatik kanpo egon diren lagunarteko jolasak itzuliko dira.
«Adin eta kuadrilla ezberdinetako herritarrak talde anitzetan elkartu, komunitatea indartu eta elkarrekin jolasteko proposamena da», azaldu du jaien
antolaketaz arduratu den Nagore Etxeberria alkateordeak. Askotariko jolasak egingo dituzte, eta herritarren parte-hartzea eskatu dute.
Gainerakoan, azken urteetako egitarauaren oinarriari eutsiko diote. Herri afarirako 150 lagun inguru elkartzea espero dute, eta beste ehundik gora paella-janerako, nahiz eta oraindik ez duten behin betiko parte-hartzaileen kopurua itxi. Ohiko hanburgesa jana ere egingo dute, azken urteetako «harrera onari» eutsiaz.
Kirola, musika eta gehiago
Itsasondoko jaietako ohiko hitzorduen artean izango dira, besteak beste, Betiko igoera txirrindulari proba, Ijitu Show ikuskizuna, haurren pilota partidak eta sagardo dastaketa.
Kirolak eta gastronomiak ez ezik, mozorroek ere izango dute euren eguna: aurten, iraganeko marrazki bizidunak izango dituzte gai nagusi.
Musikak ere leku berezia izango du egitarauan. Erromeriek, elektrotxarangek, bestelako musika taldeek eta DJ-ek girotuko dituzte jaietako hainbat une, adin eta gustu ezberdinetara egokitutako eskaintza osatuz.
Horrela, ohiko ekitaldiei eta azken urteetan berreskuratutako hitzorduei berritasunak gehituta, Itsasondok egitarau zabala prestatu du jaiak herritarren parte-hartzearekin eta kale giroarekin ospatzeko.
EGITARAUA
Etzi, Kuadrillen eguna
- 16:30. Jai hasierako zinta karrera eta askaria.
- 18:00. Ijitu Futbol taldearen eskutik, pregoia eta Ijitto jaitsiera. Ondoren, buruhandiak.
- 18:30. Lagunarteko jolasak.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:30. Erromeria, Balantza taldearekin.
Larunbata, Mozorro eguna
- 09:00. Goiz eresia.
- 12:00. Beitiko Igoera txirrindu proba.
- 14:30. Paella jana.
- 17:00. ‘Parranda komandoa’ kale animazioa.
- 18:30. Ijitto Show-a.
- 20:30. 482820 taldearen kontzertua.
- 23:00. Xaukena elektrotxaranga.
- 01:00. Perdonis Dj-ak.
Igandea, irailak 20
- 09:00. Goiz eresia.
- 11:00-13:00. Haurrentzat puzgarriak.
- 12:00. Hamaiketakoa.
- 15:00-17:00. Haurrentzat uzgarriak.
- 18:00. Herriko pilotarien pilota partida eta frontenis txapelketako finala.
- 19:30. Ijitto igoera.
- 19:30. Sagardo dastaketa.













